Gizartea -
Herbeheretatik
Lore artean ezkutatutako 102 kilo 'speed' atzeman dituzte
Droga Estatuaren iparraldera zihoan, bereziki EAEra eta Nafarroara, eta poliziak 4 pertsona atxilotu ditu.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak 102 kilo ''speed'' atzeman ditu Durangon (Bizkaia), azken urteotan egin den droga mota honetan atzemandako kopuru handiena. Herbeheretatik zetorren, eta lore artean ezkutatuta zeuden.
Poliziaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Guardia Zibilaren arabera, operazio honetan atzemandako anfetamina sulfatoarekin, merkatuan 400.000 dosiren ekoizpena eragotzi dugu.
Burgosen bizi zen holandar baten logistika enpresaren operazioak aprobetxatzen zituzten, eta droga lore artean zegoen ezkutatuta. Amsterdametik Espainiako zenbait puntutara maiz zihoan kamioi aldra bat zuen enpresari horrek.
Enpresako nagusia zen ustez drogaren bidalketak antolatzen zituena. Estatuaren iparraldera bidaltzen zituen, bereziki EAEra eta Nafarroara.
Poliziak aztertu zuenez, jabeak bere kamioi batean joan zen Herbeheretara, ustez Espainiara eramateko loreak kargatzera. Bidaia droga eramateko zela susmatu zuten, eta Iruneko mugan zainketa-zerbitzua ezarri zuten.
Holandarra beste pertsona batekin kamioiarekin mugaldea zeharkatzen ikusi zuten eta agenteek Durangora arte jarraipena egin zioten. Bertan ibilgailua geldiarazi eta 102 kilo ''speed'' aurkitu zituzten.
Agenteek enpresaria eta berarekin zihoan pertsona atxilotu zuten, eta etxebizitza arakatu ondoren, emaztea eta kamioilari bat atxilotu zituzten.