Gizartea -
Kontsumitzaile elkartea
Lan-eskaintza faltsuekin egindako iruzurrez ohartarazi du Facuak
Egunkarietan eta webguneetan argitaratutako zenbait iragarki aipatu ditu. Horietako 10etan, erabiltzaileei kobratu egiten diete 806, 807 edo 905 zenbakiekin hasten diren telefonoetara deitzeagatik.
Erredakzioa
Facua kontsumitzaileen babeserako elkarteak webguneetan eta egunkarietan argitaratutako lan-eskaintza faltsuekin egindako iruzurrez ohartarazi du, Ruben Sanchez bozeramaileak emandako prentsaurreko batean.
Sanchezek azaldu duenez, sei iruzur mota atzeman dituzte lan-eskaintza faltsuetan: tarifa gehigarriko telefonoak, piramide erako negozioak, etxean egindako produktuekin aberasteko aukera ematen duten enpresak, kudeaketa gastuengatik dirua eskatzen duten lan-eskaintzak eta jakin gabe dirua zuritzeko prest daudenak bilatzen dituztenak.
Facuak salatu duenez, 10 kasutan tarifa gehigarria duten telefonoak ematen zizkieten lan bila zebiltzanek dei zezaten. Telefono horiek 806, 807 edo 905 zenbakiekin hasten ziren eta aurretik 902 telefono batera deituta eskuratzen zituzten erabiltzaileek.
Facuako bozeramaileak ohartarazi du krisiagatik hazi dela mota horretako iruzurren kopurua eta administrazioei kontrolak ugaritzeko eta zigor gogorragoak ezartzeko eskatu die.
Atzemandako iruzurrak
Kasu batean, "spam" bidez iritsitako posta elektronikoetan lan-eskaintzak egiten zituzten eta interesa jartzen zutenei dirua eskatzen zieten kontratuaren kudeaketa gastuak aitzakia gisa jarrita.
Beste batean, "aberastu zaitez etxean egiten dituzun produktuekin" zioten eskaintzak ziren. Interesdunari dirua eskatzen zioten etxean produktuak egiteko behar duen materiala helaraziko ziotela hitz emanez. Gero, jasotzaileek baliorik ez zuten materiala hartzen zuten eta ez zuten hitz eman zioten dirudik lortzeko aukerarik.
Beste iruzur mota bat irakaskuntza akademiena omen da. Horietan, erabiltzaileek ikasketak amaitutakoan lana izango dutela hitz ematen dute, baina ez da horrela izaten.
Piramide erako iruzurrei dagokionez, ustezko langile berriak enpresari produktuak erosten dizkio gero berriro saltzeko eta langile berriak lortzeko, baina ez da horrelakorik gertatzen eta dirurik gabe geratzeraino uzten dituzte.
Teknika "larriena" dirua zuritzearena da. Nazioarteko transakzioen bitartekari gisa lan eginda diru asko irabaziko duela hitz ematen diote, eta horretarako bere kontuan dirua sartzen diote eta hortik beste batean sartzeko esaten diote komisio txiki bat ordainduz. Horrela, dirua zuritzeko negozio batean sartzen dute halakorik jakinarazi gabe, eta zigor gogorrak jaso ditzake Justiziaren aldetik.