Gizartea -

Abuztuaren 15ean

Milaka bizkaitar izan dira Begoñako erromerian, Bilbon

Erlijio-tradizio oso maitatua da bizkaitarrentzat; aurten, 150.000 bat lagunek parte hartu dute bertan. Basilika abuztuaren 15eko gauera arte izango da zabalik.

150.000 bat lagun izan dira erromerian. Argazkia: EFE.
150.000 bat lagun izan dira erromerian. Argazkia: EFE.
150.000 erromesek egin diote bisita Begoñako Amari

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

316 eskailera daude Bilboko Alde Zaharretik Begoñako basilikara, eta gaur, abuztuaren 15ean, urtero bezala, milaka lagunek igo dituzte; izan ere, Begoñako Birjinari euren maitasuna agertu nahi izan diote, behin ere, milaka bizkaitarrek, erromerian.

Oso maitatua da tradizio hau bizkaitarrentzat; kontuan izan behar da mendeak dituela. Aurten ere, 150.000 bizkaitar lurraldeko herri guztietatik irten dira, Begoñara joatea xede; oinez, edo edozein garraiobide erabiliz, Begoñako basilikara joan dira erromes. Basilika bera aurreko gauean eta gaur, egun osoan, izan da zabalik.

Zerua hodeitsu izan da, baina ez du euririk bota; eguraldi horrekin, hainbat eta hainbat erromes heldu dira Alde Zaharretik Begoñara, Mallonako Galtzadetako 316 eskailera-maila igota. Nagusi askok, aldiz, nahiago izan dute Metroaren igogailua erabili; bertan, ilarak izan dira egun osoan.

Erromesak bart hasi ziren irteten euren herrietatik, goizaldeko 4:00etako mezara iristea xede. Trenak, autobusak eta autoak ere heldu dira Bilbora, eta bizikletak ere; hori erabili dute, esate baterako, hainbat bermeotarrek, gernikarrek eta getxotarrek osatutako lagun-talde batek.

'Jende asko etorri da, eta giro paregabea izan dugu', esan dio Eferi Javier Diago Begoñako Kofradiako presidenteak; elkarte horrek antolatu ditu gaurko ekitaldiak.

Meza nagusia, eguerdian

Basilika jendez beteta zegoela, eguerdian meza nagusia egin dute; Mario Iceta Bilboko gotzainak egin du elizkizuna, eta Juan Mari Aburto alkatea bertan izan da, beste udal-ordezkari batzuekin, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ere parte hartu du.

Aste Nagusia 2017 larunbatean hasiko da, eta Aburto alkateak azaldu du Birjinari eskatu diola jaietan ‘errespetua, erasorik ez egotea, elkartasuna eta alaitasuna’ izatea hizpide.

Gotzainak mezaren amaieran gogorarazi duenez, gaurko eguna berezia zen; izan ere, laguntza eman nahi zioten Tenerifeko Almaciga herriari. Hain zuzen, bertan Begoñako Amaren omenezko eliza xumea ari dira egiten.

Begoñako Kofradiako kideek Bizkaiko zaindariaren 30.000 estanpa banatu dituzte; hala, dirua bildu dute, aipatutako eliza apala amaitzeko.

Alkatearen aurreskua

Gaurko meza nagusia amaituta, alkatea eta gotzaina, gainerako zinegotziekin eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearekin, basilikaren atzealdean dagoen Gernikako Arbolaren kimura joan dira; hor, Iparragirreren 'Gernikako Arbola' abestu dute. Gerora, alkatea atzeko plazara joan da, aurreskua dantzatzeko asmoz; izan ere, gaur duela 30 urte dantzatu zuen lehen aldiz Bilboko alkate batek, Jose Maria Gorordok hain zuzen.

'Nire herriko baimenarekin, neuk nahi dut dantza hasi, emozioz Beteta, tradizioari jarraituz eta nire herriarekiko errespetu osoz', esan die alkateak bertan zeudenei.

Dantzari baten laguntzaz, Aburtok ohorezko aurreskua dantzatu du, jendearen txaloen artean.

Mezek eta erromesen joan-etorriak gaueko 9:00etara arte jarraituko dute; ordu horretan egingo dute azken elizkizuna.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Bizkaia Gizartea albisteak Juan Maria Aburto Gaurko titularrak Albisteak Eliza Katolikoa