Gizartea -

Euskal zientzialariak

Euskal ikerlariek test bat sortu dute gibeleko gaitz bat atzemateko

Odolaren profil metabolomikoa zehazteko hurbilketa esperimental berri bat da, eta gaitz hepatikoen balizko biomarkatzaileak identifikatzeko bidea emango du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikerketa zentro, unibertsitate eta enpresen partzuergo batek, CIC bioGUNE euskal zentroaren eta Owl Genomics ikerketa zentroaren zuzendaritzapean, odola aztertzeko test berri bat sortu du gibel adiposo ez alkoholikoen gaitzaren (NAFLD) diagnostiko goiztiarra egiteko.

Proiektua Journal of Proteome Research aldizkarian kaleratu dute iragan abuztuan, eta denbora gutxi barru izango da merkatuan, Espainian OWL Genomics enpresaren bidez.

NAFLD gaitz progresiboa da, gibelean gantza metatzetik (esteatosia) nekrohanturazko zailtasun larriagoetara, esteatohepatitis ez alkoholikoa (NASH edo EHNA) esaterako, biltzen dituena. Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako biztanleen % 24ri egiten die kalte. Gaixotasun hau duten paziente gutxi batzuek bakarrik garatzen dute zirrosia edo kartzinoma hepatozelularra. Obesitaterako gero eta joera handiagoa izateak handitu egin dezake gaixotasun larri horien tasa, eta osasunerako arrisku handiagoa eragiten du.

"Odol analisi horien emaitzek NAFLD atzematen lagunduko die osasun-langileei, eta pazienteek tratamenduari ematen dioten erantzunaren berri ere emango du", esan du Jose Mato CIC bioGUNEko zuzendari eta CIBERehd-eko ikertzaileak.

Matoren ustez, odolaren profil metabolomikoa zehazteko hurbilketa esperimental berri baten lehen aplikazioa da, eta gaitz hepatikoen balizko biomarkatzaileak identifikatzeko bidea emango du.

Ikertzaileek berez gibel gantzatsua garatu zuen sagu bat (genetikoki eraldatutako sagua) erabili zuten ikerketa horretarako. Horrela, ikerketa paraleloak egin ahal izan zituzten, gizakiaren eta saguaren odolaren profil metabolikoa zehaztu ahal izateko. Hurbilketa hori erabiliz, metabolito biomarkatzaile batzuk atzeman zituzten gizakien eta saguen NAFLD horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea