Gizartea -
TRAFIKOA
Mozkor zegoen txirrindulari batek beste txirrindulari bat bota du Gasteizen
Positiboa eman zuen alkoholemia proban, botatako arnas litro bakoitzeko 1,18 miligramoko alkohol-maila agertu baitzuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Baimendutako alkoholemia tasa ia bost aldiz gainditzen zuen 43 urteko txirrindulari batek bizikletan zebilen 30 urteko emakume baten erorikoa eragin zuen atzo arratsaldean, Gasteizen.
Istripua laurak inguruan jazo zen, Arabako hiriburuko Landazuri kalean, Gasteizko Udaltzaingoak gaur jakitera eman duenez.
Emakumea bizikletan ari zela, bere aurrean beste txirrindulari bat gurutzatu zen, eta, ondorioz, emakumea erori egin zen. Bigarren bizikleta horren gidariak positiboa eman zuen alkoholemia proban, botatako arnas litro bakoitzeko 1,18 miligramoko alkohol-maila agertu baitzuen. Horrenbestez, salaketa jarri zuten haren aurka.
Emakumea Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan zuten, erorikoaren eraginez izan zituen zauriengatik.