Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Aske utzi dute indarkeria matxistagatik Donostian atxilotutako gizonezkoa
Salaketak funtsik ez duela iritzita, Ertzaintzak gizonezkoa libre uztea erabaki du.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak aske utzi du ustezko indarkeria matxista delitu bat egotzita gaur Donostian atxilotu duen 46 urteko gizonezkoa, haren aurkako salaketak funtsik ez zuela iritzita.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gertakariak Amara auzoko etxebizitza batean jazo dira, 14:30 inguruan. Indarkeria matxista kasu bat izan zitekeela eta, Ertzaintza ohartarazi dute.
Ertzainek atarian topatu dute emakumea eta, haren testigantza entzun ostean, etxebizitzan sartu dira eta gizonezkoa atxilotu dute.
Emakumeak antsietate krisi bat izan du eta osasun zentro batera eraman dute anbulantzian.
Alabaina, izapideak amaituta, Ertzaintzak gizonezkoa askatu egin du, salaketak funtsik ez zuela ondorioztatuta.