Gizartea -

Erreportajea

Hondarra aterako dute Muskizen: Arena hondartza, arriskuan

Portu Agintaritzak 10 milioi metro kubiko hondar aterako ditu Muskizen, Arena hondartza aurrean. Hondarra erauzteko asmo horrek polemika sortu du ingurumenaren defendatzaileen artean.

Surfrider Foundation Europe

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Portu Agintaritzak 10 milioi metro kubiko hondar aterako ditu Muskizen, Arena hondartza aurrean, kanpoko kaia zabaltzeko. Konparaketa egiteko, Europako duna altuenak, Pilateko Duna Handiak (150 metro altu, 2.700 luze eta 500 zabal), 60 milioi metro kubiko hondar ditu. Hondarra erauzteko asmo horrek polemika sortu du ingurumenaren defendatzaileen artean.

Proiektua eta bere eragina

2005eko martxoaren 1ean, Kutsadura eta Aldaketa Klimatikoaren Prebentziorako Idazkaritza Nagusiaren (Espainiako Ingurumen, Landa Ingurune eta Itsas Inguruneko Ministerioa) agindu batek, 2005eko apirilaren 28an Agintaritzaren Aldizkari ofizialean kaleratutakoak, baimena eman zion Bilboko Portuari Muskiz aldean hondarra erauzteko. Proiektuaren lehenengo fasea 2009ko abenduaren 19an abiatu zuten.

Proiektua 1998an aurkeztu zuten eta portuko instalazioak handitzeko hirugarren fasearen barruan dago. Hondar erauzketa honek itsasoari 293.000 metro koadro irabaztea ekarriko du; horri esker, Bilboko portua 528.000 metro koadro handituko da. Erauzketa eremua Muskizeko hondar bankuaren inguruan dago. 208 hektarea ditu eta kostatik 1,3-3,3 kilometrora dago, Ipar-Iparmendebaldera, 19 eta 38 metro arteko sakoneran.

Legeari jarraituz, Kosta Zuzendaritza Nagusiak inkesta publikoaren eta eskumena duten zerbitzuei egindako kontsulta prozesuaren emaitzak aurkeztu dizkio Ingurumenaren Ebaluazio eta Kalitate Zuzendaritza Nagusiari. Ingurumen erakundeei egindako kontsulta prozesuan, horietako batzuek, Kosta Mugapenak, Ingurumen Sailburuordetzak eta Ur Zuzendaritzak esaterako, proiektu horren aurrean errezeloa agertu dute.

Erreserba horiek eragin dituzten arrazoien artean, Arena hondartzak egonkortasuna galtzeko aukera dago. Hori dela eta, Kosten Mugapenak txosten bat aurkeztu zuen erauzketa eremuaren maila 25 metrora jaistea gomendatzeko. Azken hilabeteetan egindako behaketek argi erakutsi dute hondartza aldatu egin dela nabarmen. Hondar asko desagertu egin da, eta apurka-apurka hondartza baino harritza dago bertan.

Gainera, Ur Zuzendaritzak zehaztu duenez, proiektuak Kosta-legea urratzen du eta komeniko litzateke, Arena hondartzan duen eragina ez ezik, horren ondorioz uretan zabaldu dituzten sedimentu kutsagarriek osasunean duten eragina ere aztertzea.

Hiri plataforma eta Kostazainak

2009ko abenduan erauzketak egiten hasi zirenean, eta horiei aurre egiteko asmoz, surflari, bainulari, teknikari eta herritar batzuek "Arena salba dezagun" taldea sortu zuten. 2010. urtearen hasieratik egin diren behaketek argi erakutsi dute hondarra desagertzen ari zela eta, agiri ofizialak (inpaktu-azterketa, inkesta publikoaren emaitzak) irakurri eta gero, plataformak protestak antolatu eta manifestazioak deitu ditu.

Testuinguru honetan, eta proiektuaren eragina (sedimentuen dinamikari dagokionez bereziki) ez dela behar bezala kontuan izan susmatuta, Surfrider Foundation Europe izeneko elkarteak bat egin du talde horrekin, "Kostazaina" programaren bitartez, horien borroka babestu eta plataformaren ekintza guztien gaineko informazioa zabaltzeko.

Halaber, Alejandro Cearreta irakasleak egindako ikerlan baten arabera ("Muskizeko inguruan hondarren erauzketa egiteko proiektuaren gaineko hausnarketak, ikuspuntu geologiko batetik eginda", 2010eko otsaila), proiektuak oinarritzat hartu zituen ikerketak amaitu gabeak eta zuzenak ez ziren datuak erabili zituen. Horiek dira, behintzat, horren ondorio batzuk.

Gaur egun, herritarren plataformak erauzketa bigarren fasean sartu baino lehen geldiarazteko helburua dauka (lehen fasean, 2009ko abenduaren eta 2010eko martxoaren bitartean, bi milioi metro kubiko hondar atera zituzten). Tamalez, bainu-denboraldia amaitzear denean, bizilagunen kezka gero eta handiagoa da. Aurreikuspenak betetzen badira, dragatzeko lanei azaroaren 15ean ekingo diete berriro, izan ere, Portu Agintaritza bertan dagoen hondar kantitatea kalkulatuko duen ikerketa berri baten zain dago.

Horren aurrean, herri-plataformak beste mobilizazio bat deitu du urriaren 16rako. Ekimen hori, baina, ez da Arenako hondartzan egingo, Bilboko Areatzan baizik. Hondartza lapurtuz gero, erabiltzaileek aisialdirako beste leku alternatibo batzuk bilatu beharko dituztela salatu nahi dute horrela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea