Gizartea -
Heriotza
Jose Antonio Labordeta politikari eta kantautorea hil da
Aitite ezizenaz ezaguna, Chuntako diputatua, Un pais en la mochila saioko aurkezlea, idazlea, eta demokrazioarekiko konpromisoa adierazi zuen kantautorea izan zen.
Erredakzioa
Jose Antonio Labordeta (Zaragoza, 1935eko martxoaren 10a) gaur hil da, 75 urte zituela, prostatako minbizi baten ondorioz. Azken egunetan Zaragozako Miguel Servet Ospitalean ingresatuta zegoen eta bertan zendu da.
Hil-kapera Aljaferiako Jauregian, Aragoiko Gorteetako egoitzan jarri dute. Labordeta asteartean erraustuko dute. Zaragozako Udalak hiru dolu-egun deitu ditu ordura arte.
Marcelino Iglesias Aragoiko Gobernuko presidenteak hil osteko Aragoiko Medaila emango diotela iragarri du.
Irakaslea izan zen Labordeta eta hainbat hamarkadatan, musika, politika eta telebista munduan ere aritu zen.
1974an, Cantar y Callar (bere lehen diskoa) kaleratu zuen eta, Frankoren diktaduraren ostean, demokraziarekiko konpromisoa agertu zuen ahotsetako bat bilakatu zen.
90eko hamarkadan Un país en la mochila'' (TVE) erreportaje-sorta arrakastatsua aurkeztu zuen eta Espainiako herriak beste ikuspegi batetik erakutsi zuen.
Labordeta Chunta Aragonesistako diputatua izan zen Aragoiko Gorteetan eta Kongresuan (azken honetan bi legealditan, 2000tik 2008ra).
Horrez gain, poesiak, eleberriak eta iritzi artikuluak zein bidaietakoak idatzi ditu.
Lan-ibilbideari omenaldia
Aitite ezinenaz ezaguna, 2008ko azaroan horren lan-ibilbidea omendu zuten lankideek Zaragozan, Principal antzokian.
Creación, compromiso y memoria liburua aurkeztu zuen Labordetak ekitaldi horretan, eta Aragoiko erakundeetako hainbat ordezkari eta artista izan ziren, besteak beste, Ana Belen, Victor Manuel, Pilar Bardem, Rosana eta Carmen Paris. ''Canto a la libertad'' abestuz eman zioten amaiera omenaldiari.
Doctor Honoris Causa
Dozena bat sari jaso ditu Labordetak. 2010eko urtarrilean, Celestino Corbacho Lan ministroak, Espainiako Gobernuaren izenean, Arteen Saria eta Lan Merezimenduaren Urrezko Domina eman zioten Zaragozan bizi den etxean.
Martxoan, Zaragozako Unibertsitateak Doctor Honoris Causa izendatu zuen "izaera unibertsala izateagatik" eta "hezkuntzarekiko, kulturarekiko eta herriarekiko konpromisoa hartzeagatik".