Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon batek bikotekidea hil du Kordoban
Gero, 34 urteko gizona elektrizitate dorre batetik behera erori da eta, ospitalera bizirik eraman badute ere, hil egin da, zauri larrien ondorioz. Aurretik, emaztea hil duela esan die bizilagunei.
Erredakzioa
Atzo, gizonezko batek 30 urteko bikotekidea hil zuen Kordoban, Villarrubia eta El Higuerón auzoen artean dagoen zelai batean, eta gero hil egin zen, elektrizitate dorre batetik behera erorita, Espainiako Poliziak jakitera eman dutenez.
Bikotekideek urtebete zeramaten elkarrekin bizitzen, eta emakumeak ez du inoiz tratu txarrik salatu.
Hilketa atzo 18:00ak baino lehentxeago izan zen. Dirudienez, ustezko hiltzaileak arma zuri batez bikotekidea hil zuen eta, ondoren, horren berri eman zien bizilagunei. Iturri batzuen arabera, lepoa moztu zion, baina Espainiako Poliziak ez du informazio hori baieztatu nahi izan.
Agenteak hilketa gertatu zen lekuan bertaratu zirenean, ustezko hiltzailea elektrizitate dorre altu batera igota ikusi zuten. Gizona erori egin zen bertatik, eta elektrokutatu egin zen, tentsio altuko kable batean harrapatuta geratu baitzen.
Gizona Reina Sofia Ospitalera eraman zuten, larri zaurituta baina bizirik, baina handik ordu batzuetara hil egin zen.
Estatuan Andaluzia da aurten horrelako krimen gehien pairatu dituen erkidegoa; aurten dagoeneko 13 dira bertan bikotekideen eskuetan hil diren emakumeak.