Gizartea -
Europako lehen zentroa
Munduko lider izateko aholkuak, Oxford Unibertsitatearen eskutik
Ikasleek zientzia eta lege arloko ezaupideak jasoko dituzte eta aurrekontuak kudeatzen ere ikasiko dute.
Erredakzioa
Britainia Handiko hogeita sei lehen ministrok Oxfordeko Unibertsitatean (Ingalaterra) ikasi zuten. Orain, erakunde ospetsuak munduko agintariak prestatzeko eskola bat sortuko du, gobernatzen irakasteko. Orain arte, horrelako irakaskuntza zentroak Europatik kanpo zeuden, Ameriketako Estatu Batuetan bereziki.
Andrew Hamilton Oxfordeko Unibertsitateko errektoreordeak esan duenez, eskola horren sorkuntza "Oxfordek dituen 900 urteetan izan den gertakizun garrantzitsuetako bat da".
Eskolak Leonard Blavatnik filántropo estatubatuarraren izena izango du; izan ere, Blavatnikek 75 milioi libra (90 milioi euro) eman ditu zentro hori sortzeko.
Ikasleei behar dituzten ezaupide zientifiko eta legal guztiak irakatsiko dizkiete, etorkizunean behi eroen sindromea eta A gripea bezalako arazoei aurre egiten ikas dezaten. Horrez gain, aurrekontuak kudeatzen ere ikasiko dute.
"Curriculumak alde analitikoa eta praktikoa ditu. Ez ditugu zientzialariak edo medikuak sortuko, baina aholku zientifikoak zuzen erabiltzen irakatsiko diegu gure ikasleei", esan du Ngaire Woods zuzendari akademikoak.
Ikasleek, besteak beste, giza zientziak, zuzenbidea, zientzia, teknologia eta segurtasunerako politika ikasiko dituzte. Horrez gain, urtebeteko ikastaroak sistema politikoak eta horien funtzionamendua alderatuko ditu.
Gainera, beste herrialde batzuetako arazoak ulertzen ikasiko dute eta, oro har, pentsatzeko eta jokatzeko aholkuak emango dizkiete ikasleei.