Gizartea -
Araba
Monumentu megalitiko baten hondarrak aurkitu dituzte Eskalmendin
Hilobi handi bat dela baieztatu dute arkeologoek. Gorpuzkiak agertu dira.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Foru Aldundiak lagunduta, arkeologo talde batek monumentu megalitiko baten zatiak topatu ditu Eskalmendin (Araba). Era berean, gorpuzkiak aurkitu dituzte, Aldundiak agiri baten bidez jakitera eman duenez. Oraindik hondarrei data jarri behar dietela zehaztu dute.
Indusketak Eskalmendiko haitz tumuluaren egitura eta jatorria zehazteko helburua du. Lana Pedro Lobo arkeologoa zuzentzen ari da, Alfonso Alday Ruiz EHUko irakaslearen laguntzarekin.
Adituek hilobi handi bat dela baieztatu dute. Buztinarekin egindako hilobia da, eta behealdea harriekin egindako bi eraztunekin mugatu dute.
Goialdean harkaitzak ditu koraza modura, eta erdialdean harri zabalekin egindako ganbera baten zantzuak topatu dituzte.
Gorpuzkiak
fIgone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak agiri batean goraipatu duenez, gorpuzkiak agertu dira bertan. Hala ere, tumuluaren adina zehaztu ahal izateko, oraindik data jarri behar dietela gaineratu du.
Datozen egunetan, lanean jarraituko dute, ganbera mugatzeko eta lanen lehen faseari amaiera emateko.