Gizartea -
Bizkaia
Afrikako 22 barraskilo erraldoi atzeman dituzte Bilboko Aireportuan
Emakume batek zekartzan, terrarium batean hazteko asmoz. Espezie arriskutsua da, eta galarazita dago horiek ekartzea.
eitb.eus
Guardia Zibilak Afrikako 20 cm inguruko 22 barraskilo erraldoi atzeman zituen bizirik abuztu amaieran, Bilboko Aireportuan (Loiu).
Hedabideei igorritako ohar batean azaldu duenez, aireportuan prebentzio lanetan egon ohi diren agenteek Lagosetik (Nigeria) etorritako hegaldi baten maletak aztertu zituzten, eta bizirik zeuden 22 barraskilo atzeman dituzten horietako batean.
Maletaren jabea espainiar bat da, Nigeriakoa jatorriz, eta aipatutako herrialde afrikarrean hartu zituen terrarium batean hazteko asmoz.
Afrikako barraskilo erraldoia lurreko barraskilo espeziea da, Achatinidae familiakoa, eta Espezie Exotiko Inbasoreen Katalogo Espainiarrean jasota dago.
Gainera, munduko 100 espezie inbaditzaile kaltegarrienen artean kokatu du Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunak, kolonizatzeko gaitasunagatik. Halaber, bertoko espezieek, habitatak eta ekosistemek horren kalte handia jaso dezakete. Hainbat parasito eraman litzake, eta horiek gaixotasun ugari sor litzakete; meningoencefalitisa eta angiostrongiliasisa, esaterako.
Argazkia: Guardia Zibila