Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume bat larri zauritu du bikotekide ohiak Bilbon, labanaz erasota
Ustezko erasotzailea, 30 urtekoa, kartzelan sartu dute bart, genero indarkeria delitua egotzita.
EiTB.EUS
Emakume bat larri zauritu du bikotekide ohiak labanaz Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Ustezko erasotzailea, 30 urtekoa, Basauriko kartzelan sartu dute bart, genero indarkeria delitua egotzita.
Erasoa igandean jazo zen, 10:00ak aldera, Uribarri auzoan. Emakume bat zaurituta zegoela jakinarazi zioten zerbitzutik kanpo zegoen Ertzaintzako agente bati. Saihets aldean zuen zauria biktimak, eta odoletan ari zen. Emakumea bertan artatu zuen agenteak, eta Basurtuko Ospitalera eraman zuten anbulantziaz. Erietxean dago oraindik, larri, baina haren bizia ez dago arriskuan.
Biktimak ertzainari kontatu zionez, bikotekide ohiak labanaz eraso zion. Hori dela eta, agenteak gizona identifikatu eta atxilotu zuen. Arratsaldean eraman zuten epailearen aurrera, eta horrek kartzelatzeko agindua eman zuen, genero indarkeriaren delitua egotzita.
--------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.