Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Tratu txarrak jasan dituzten emakumeen herenak ez du salaketarik jarri
Orotara, 2.376 emakumeren kontrako erasoak zenbatu dituzte aurten EAEn, eta horietako 738k erasotzailearen kontrako salaketarik ez jartzea erabaki zuten nahiz eta poliziaren atestatua izan.
Erredakzioa
Aurtengo lehenengo zortzi hilabeteetan 2.376 emakumek 2.780 eraso jasan dituzte EAEn, eta horietako 738k, % 31k, erasotzailearen kontrako salaketarik ez jartzea erabaki zuten, nahiz eta Ertzaintzaren atestatua izan.
Mariola Serrano Eusko Jaurlaritzaren Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako bulegoko zuzendariak prentsaurrekoa eman du ''Tratu txarretatik... irten daitekeelako'' leloa duen kanpaina baten berri emateko. Erasotzaileak salatzen ez dituzten emakumeei zuzendutako kanpaina da bereziki.
Serranok azpimarratu du salaketarik jarri ez dutenen kopurua "oso handia" izan dela eta Jaurlaritzak murrizteko egingo duela lan. "Kanpainaren helburua emakumeek harreman biolentoa utzi eta askatasunerako bidean jartzea" izango omen da.
Era berean, Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako bulegoko zuzendariak "babes eta konfiantza" mezua helarazi nahi izan die ez salatzea erabaki duten emakumeei, eta gogorarazi die "merezi" duela "zailtasunei aurre egin eta izua eta arriskua atzean uztea".