Gizartea -
Bizkaia
36 kilo speed atzeman eta hiru pertsona atxilotu dituzte Arrigorriagan
Ertzaintzaren ustean, 100 kilo speed ere gorde ohi zituzten tailerrean. Atzeman duten droga 500.000 euro ingururen truke saldu behar zuten Hego Euskal Herrian.
agentziak | erredakzioa
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Arrigorriagan, drogaren aurkako operazio batean, eta 36 kilo speed atzeman ditu (500.000 euro inguruko balioa du). Atxilotuetako bi (tailer bat erabiltzen zuten jarduera ezkutatzeko) espetxera bidali ditu epaileak, baina ikerketak zabalik jarraitzen du, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Ertzaintzak udaberrian abiatu zuen ikerketa, Arrigorriagako tailer bati susmo txarra hartu ostean, droga ezkutatzeko erabiltzen ari zirelakoan. Une horretatik aurrera, zelatatu egin zuten, eta horri esker baieztatu zuten tailerra banda batek erabiltzen zuela droga bildu eta zabaltzeko. Speed drogarekin ibiltzen ziren ia beti, eta "kantitate handian".
Ikerketak gerora erakutsi du droga Herbehereetatik ekartzen zuen talde antolatu bat zebilela Bizkaiko herri horretan, eta 100 kilo ere gorde ohi zituztela batzuetan. Hortaz, agenteak tailerraren burua eta bi banatzaile ikertzen hasi ziren, eta ikertutako pertsona bat ikusi zuten han ostegunean. Tailerrera heldu, eta autoan zeraman maleta bat sartu zuen barrura.
Handik gutxira, irteten ikusi zuten, jarrera susmagarriarekin eta maleta berarekin, eta autoan sartu zen. Hori ikusita, ertzainek autoa geldiarazi eta gizona identifikatu zuten. Maletan 30 kilo speed topatu zituzten.
Hori dela eta, agenteek ustezko trafikatzailea atxilotu eta, dagokion baimena jaso ostean, lokala miatu zuten. Han, beste sei kilo speed eta diru-kopuru handi bat topatu zuten. Tailerraren arduraduna eta berarekin batera zegoen beste pertsona bat ere atxilotu zituzten, osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta.
Gainera, lokalean kreditu txartelak egiteko trokel bat aurkitu zuten, eta delituren bat egiteko erabili ote zuten ikertzen ari dira orain.
500.000 euro
Agenteek atzeman dituzten 36 kilo drogaren truke 500.000 euro inguru jasoko zituzten, dositan salduta, Segurtasun Sailak azaldu duenez.
Atxilotuetako bi kartzelara bidali ditu epaileak, eta Ertzaintzak zabalik dauka oraindik ikerketa, banda erabat desegintzat eman arte.