Gizartea -
Osasuna
Osakidetzak ez du tuberkulosi kasu gehiago antzeman Gurutzetan
Gurutzetako Ospitaleko langileei eta Jaioberrien Unitatean egondako 200 adingaberi egindako proba guztien emaitzak "negatiboak" izan dira.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetza osasun zerbitzuak tuberkulosiaren programan ezarritako jarduketa protokoloa aktibatu zuen irailaren 8an, Gurutzetako Ospitaleko langile bati biriketako tuberkulosia hauteman ondoren, eta ostiral honetan jakinarazi du Bizkaiko ospitaleko Jaioberrien Unitatean otsailetik irailera bitartean egon diren 200 adingaberi egindako proba guztien emaitzak "negatiboak" izan direla.
Gurutzetako Jaioberrien Unitatean lan egiten duen osasun langile bati biriketako tuberkulosia antzeman ondoren jarri zituzten martxan protokoloan ezarritako prebentzio neurriak Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Zuzendaritzak eta Osakidetzak.
Kasu hori hauteman zenetik, beraz, eta jarduketa protokoloan jasotakoei jarraituz, 50 adingaberi egunero egin zaizkie kutsatu ote diren jakiteko beharrezko probak, eta egindako proba horien guztien emaitzak negatiboak izan dira. Halere, adingabe horien senidekoak aztertzen jarraitzen dute bigarren mailako kasuak goiz hautemateko, eta orain arte ez da positiborik egon.
Era berean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Segurtasun eta Osasun Batzordeak dagozkion neurriak hartu ditu aste honetan, tuberkulosiaren eraginpean egon ahal izan diren ospitaleko 100 bat langileri behar den informazioa eman ondoren, eta horien artean ere ez da orain arte tuberkulosiaren baziloaren kasu positiborik hauteman.
Azkenik, Osasun Sailak eta Osakidetzak adierazi dute jarraitu egingo dutela datozen egunotan Euskal Autonomia Erkidegoko Tuberkulosiaren Programako jarduketa protokoloan jasotako prebentzio neurriak ezartzen.