Gizartea -
NAFARROA
22 urteko espetxe-zigorra, adin txikiko bi alabei sexu-abusuak egiteagatik
Ebazpenean jasotakoaren arabera, emazteak bere jaioterrira, Afrikara, egindako bidaia luze bat aprobetxatu zuen gizonak, 13 eta 14 urteko alabei sexu-abusuak behin eta berriz, jarraian, egiteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Lurralde Auzitegiak 22 urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zion maiatzean gizon bati, adin txikiko bi alabei sexu-abusuak jarraian egitea leporatuta.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du akusatuak aurkeztutako apelazio helegitea, eta berretsi egin du epaia. Lurralde Auzitegiak kaleratutako ebazpenak jasotakoa goitik behera berresten duela esan du orain Auzitegi Nagusiak kasua berriro aztertu ondoren.
Epaileak gaur kaleratutako ebazpenean jaso duenez, Nafarroako Erriberako herri batean izan ziren erasoak, 2015eko ekainaren eta 2016ko lehen hilabeteen artean. Akusatuarentzat absoluzioa eskatu zuen defentsa-abokatuak, biktimen deklarazioan kontraesanak zeudela argudiatuta. Psikologoek egindako txostenetan jasotako ondorioak ere zalantzan jarri zituen defentsak. Epaileak ez ditu argudio horiek aintzat hartu, eta atzera bota du helegitea.
Ebazpenean jasotakoaren arabera, emazteak bere jaioterrira, Afrikara, egindako bidaia luze bat aprobetxatu zuen gizonak, 13 eta 14 urteko alabei sexu-abusuak behin eta berriz, jarraian, egiteko.
Auzitegi Gorenean epaiaren aurkako helegitea aurkezteko aukera du oraindik akusatuak.