Gizartea -

Kongresua

Gidari hasiberrien gehienezko abiadura 120 km/h-ra igotzea onartu dute

PSOEk uste du 80 km/h abiaduran gidatzeak zirkulazioa "oztopa" dezakeela eta "kasu jakin batzuetan, gidariak arriskuan" jar ditzakeela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuko Bideko Segurtasunerako Batzordeak PSOEren ez legezko proposamen bat onartu du gaur gidari hasiberrien abiadura muga 80 km/h-tik 120 km/h-ra igotzeko.

Lege egitasmoaren testuan onartzen dute bere garaian "zentzu ukaezina" zuela neurriak, Espainiako errepideen egoera zein zen jakinda.

Baina azken hamarkadetan 12.000 kilometro autobia eta autopista eraikita, 80 km/h abiaduran gidatzeak zirkulazioa "oztopa" dezakeela uste dute eta "kasu jakin batzuetan, gidariak arriskuan" jar ditzakeela.

Gidabaimena eskuratu eta lehenengo bi urteetan, gidariek gainerakoek baino alkohol tasa baxuagoa eman dezakete gehienez eta 8 puntu besterik ez dituzte (gainerakoek 12). Hori dela eta, PSOEk uste du nahikoa dela gidarien lehenengo urteetako "jarrera ona" frogatzeko.

Atzerako ispilua

Bideko Segurtasunerako Batzordeak sozialisten beste eskakizun bat ere onartu du atzeko eserlekuetan atzerako ispiluak jartzearen inguruan. Segurtasun Atzerako Ispilu Integratua (TRSI) da hori, eta autoen erdigunean jartzen da. Bidaiariei, autotik atera aurretik, ibilgailurik badatorren ikusteko aukera ematen die.

Eguneko argiak

Ikuspena hobetze aldera, PPk Europar Batasunaren araua aurreratu eta eguneko argiak 2013a baino lehen derrigortzea proposatu du eta aldeko botoak jaso ditu.

Izan ere, ezbeharren kopurua % 5 murriztuko litzateke hiriguneetatik kanpo eta % 8 hiriguneetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea