Gizartea -

Segurtasun hitzarmena

Jaurlaritzak atunontzien segurtasuna finantzatzen jarraituko du

Eusko Jaurlaritzak euskal atunontzi izoztaileei diru-laguntzak ematen jarraituko du, Indiako Ozeanoan lanean ari diren arrantzaleak babesten dituen segurtasun pribatua ordaintzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Pilar Unzaluk, euskal atunontzi izoztaileen ontzi-jabeei gaur iragarri dienez, Eusko Jaurlaritzak Indiako Ozeanoan lanean ari diren arrantzaleak babesten dituen segurtasun pribatua ordaintzeko diru-laguntzak ematen jarraitzeko asmoa du.

Pilar Unzaluk Atunontzi Izoztaileen Ontzi-jabeen Elkarte Nazionalaren (ANABAC) arduradunekin bildu da gaur. Bileran Arrantza sailburuordea, Jon Azkue, eta Arrantza zuzendaria, Jokin Diaz, ere egon dira, Eusko Jaurlaritzaren arabera.

Sailburuak ANABAC elkarteari jakinarazi dionez, 2011ra luzatuko du atunontzietako arrantzaleak babesteko hitzarmena. Horren arabera, Jaurlaritzak 1,5 milioi euro inguru jarriko ditu 2010ean; segurtasun pribatua ordaintzeko behar den diru-kopuruaren % 25.

Iturri horiek aditzera eman dutenez, ANABACek eskertu egin diete bai sailburuari bai lehendakariari Eusko Jaurlaritzak "bultzatu eta luzatu" duen hitzarmena, horri esker Espainiako bandera eta egoitza Bermeon duten hamaika ontziak babesten baitituzte.

Segurtasun pribatuaren zerbitzuen eraginkortasunak eta Atalanta operatiboan sartzen ari diren "hobekuntzak" eragiten dien poztasuna ere aitortu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea