Gizartea -

Nafarroa

Gizonezko bat atxilotu dute Tuteran, adingabeak galbideratzeagatik

Gizonak (68 urte ditu) sexu-harremanak izatea proposatu zien 13 eta 14 urteko bi neskari, eta 300 euro eskaini zizkien horren truke.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tuterako polizia-etxeko Polizia Judizialaren Taldean dabiltzan Foruzaingoaren hainbat agentek 68 urteko bertako bizilagun bat atxilotu dute adingabeak galbideratzeagatik.

13 eta 14 urteko bi neskaren gurasoek salaketa bat jarri zuten Foruzaingoaren Herritarrarren Arretarako Bulegoan. Salaketaren arabera, ustezko egilea neskak zeuden parkera joan zen, eta, adina galdetu ostean, 14 urtekoari sexu-harremanak izatea proposatu zion, 300 euroren truke. Ezetz esan zionez, 13 urtekoari gauza bera proposatu zion.

"Esan zien euren adineko beste neska batzuekin ere izanak zituela sexu-harremanak, diru-kopuru horren truke", azaldu du ohar batean Foruzaingoak.

Neskek uko egin zioten gizonaren proposamenari, eta, azken hori parketik zihoala, hainbat argazki egin zizkioten mugikorrarekin, eta 112 telefono-zenbakira deitu zuten. Adingabeek eta haien lagun batzuek berriro ikusi zuten gizon hori bera haur-parkeetako gunean.

Sexu-abusu eta erasoengatik, zenbait aurrekari

Salaketa jarri zutenean, Foruzaingoak argazki-liburu bat erakutsi zien; susmagarrien irudiak zeuden bertan, eta neskek 'inolako zalantzarik gabe' identifikatu zuten. Atxilotuak sexu-abusu eta erasoekin lotutako aurrekariak ditu, eta, gainera, Gironako epaitegi bat haren bila zebilen, horrelako kasu batengatik.

Beharrezko eginbideak betetakoan, epailearen esku utzi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Nafarroa gaur Tutera albisteak Albisteak