Gizartea -
Urteurrena
'Alakrana' atunontzia duela urtebete bahitu zuten
Indiako Ozeanoan lanean ari diren atunontzien egoerak komunikabideetara salto egin zuen 2009ko urriaren 2an. Somaliako itsaslapurrek Alakrana-ri eraso egin zioten, eta 47 egun bahituta mantendu zuten.
Erredakzioa
2009ko irailaren lehen hamabostaldian euskal atunontziek eraso ugari jasan zituzten. Egun batzuk geroago, soldaduak ontziratzea proposatu zuen EAJk. Proposamen hori babestu zuen PPk, baina Diputatuen Kongresuak atzera bota zuen ekimena.
Alarmak urriaren 2an, 05:30ean, piztu ziren Alakrana atunontziaren laguntza eskaerekin. Itsasontzia eta 36 arrantzaleak bahitu zituzten itsaslapurrek.
Bi egun geroago, Canarias gerra-ontziko soldaduek ustezko bi pirata atxilotu zituzten. Auzitegi Nazionalak prozedura judiziala martxan jarri zuen eta Baltasar Garzon epaileak bi atxilotuak Espainiara ekartzeko agindua eman zuen.
Tentsioa
Azaroko lehenengo ostegunean egoerak okerrera egin zuen. Itsaslapurrek presioa egin zuten, tiroak airera eta granadak uretara bota zituzten, eta larriena, hiru arrantzale lurrera eraman zituzten.
Hurrengo egunean inor ez zutela hilko esan zuten piratek, eta arrantzaleak berriro ontziratu zituzten.
Azaroaren 16an, astelehena, bi pirata atxilotuak auzipetu zituen Santiago Pedraz epaileak, legez kanpoko 36 atxiloketa eta lapurreta egitea egotzita.
2009ko azaroaren 17an Alakrana askatu zuten 47 eguneko bahiketa baten ostean. Orduan Alakrana-k Seychelle uharteetarako norabidea hartu zuen bi gerra-ontziren eskoltarekin, eta azaroaren 20an Victoriara heldu zen.