Gizartea -

Sua Galizian

Lau dira jada Galizian piztutako suteetan hildakoak

105 sute daude aktibo, eta horietako 17 "oso arriskutsuak" dira, herriguneetatik oso gertu baitaude. Nuñez Feijoo Xuntako presidenteak suteak piztu dituen "terrorismo su-eragilea" salatu du.

Suhiltzaile bat Lugon piztutako sute bat amatatu nahian. EFE
Suteak Galizian. EFE
105 sute daude aktibo oraindik Galizian

1:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galizia kiskaltzen ari da. Lau pertsona hil dira azken orduetan erkidego horretan asteburuan piztutako suteetan. Igandean hil ziren aurreneko bi biktimak, Nigran herrian (Pontevedra). Garretatik ihesi, Camos eta Chandebrito parrokiak lotzen dituen errepidean barrena joan ziren biak furgoneta batean, eta bertan hil ziren, suak harrapatuta.

Bart hil da hirugarrena, Carballeda de Avia (Ourense) udalerrian. 78 urteko gizonezkoa eskortako abereak sugarretatik urrundu nahian zendu da.

Vigon ere izan da hildakorik. San Andres de Comesaña parrokian 70 urteko gizonezko bat zendu da bart, garrak amatatzen ari zela horma batetik behera jausita.

Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidenteak "terrorismo su-eragiletzat" jo du suteak nahita piztu izana. "Eraso egin digute, ezin ziguten min gehiago egin", esan, eta erantzuleek larrutik ordainduko duela ohartarazi du.

Mariano Rajoy Espainiako presidentea Galizian da. Iragarpenen arabera, suak gehien kaltetutako gune eta herrietan izango da gaur, Nuñez Feijorekin batera.

105 sute aktibo

Galiziako Xuntak emandako datuen arabera, 105 sute daude aktibo Galizian. Tomas Fernandez-Couto Baso Antolamendurako zuzendari nagusiak azaldu duenez, asteburuan 210 sute piztu dira; 125, igandean bertan. Horietako 60 iluntzean piztu dituzte, eta, ondorioz, lanean ziren bitartekoak banatu egin behar izan dituzte.

Piztuta dauden 105 sute horietako asko "oso zabalduta" daude. Horrez gain, 17 "oso arriskutsuak" dira, herriguneetatik oso gertu baiaude. Horien artean daude, besteak beste, Monforte (Lugo), Baiona (Pontevedra), Friol (Lugo), Negreira (Coruña) edo Nigran (Pontevedra) ingurukoak.

Hiru faktorez osatutako koktel arriskutsua

Fernandez-Coutoren hitzetan, hiru faktorek bat egin dute Galiziako egoera "kritikoa" izateko: batetik, suteak nahita piztu dituzten "gaizkile-hiltzaileen jardun bizia"; bestetik, Galizian urri hasieran dagoen "egoera meteorologiko apartekoa" (tenperatura altuak eta lehortea); eta azkenik, hego haize zakarra (70 km/h-ko boladek ia kontrolaezinak egin dituzte suteak). Horrez gain, Portugalen ere, suteak daude; asko, Galiziako mugatik gertu. "Inoiz ez dugu halakorik ikusi", esan du.

Dena dela, badirudi baldintza meteorologikokoek behintzat hobera egingo dutela. 04:00etan euria egiten hasi da Pontevedra hegoaldean, zirimiria bazen ere. MeteoGaliciaren iragarpenen arabera, fronte hotz bat iritsiko da Galiziara gaur, euria egingo du eta tenperaturak behera egingo du. Haizea indarra galtzen joango da, eta arratsaldean ahula izango da.

Horren esanetan, "ez dago baliabide faltarik" suteak itzaltzeko, baina baldintza meteorologikoek "suteak gaitasun handiagoarekin itzaltzea eragotzi dute". "Bitartekoak ez dira zenbaki kontua, haren kontra egiteko baldintzak baizik", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak bideoak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak Portugal albisteak Galizia azken ordukoa Rueda Valenzuelaren gobernua Ingurumena albisteak