Gizartea -

Unibertsoa

Gertaera kosmiko baten argi eta grabitazio-uhinak ikusi dituzte aurrenekoz

Bi neutroi izarren arteko fusioa argi eta grabitazio-uhinen bidez ikusteko kapaz izan da nazioarteko talde bat. Unibertsoaren behaketan “aro berri baten hasierari” ateak zabaldu dizkiotela uste dute.

Kilonovaren eztanda. Irudia: EFE
Kilonovaren eztanda. Irudia: EFE
Kilonovaren eztanda. Irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi neutroi izarren arteko fusioa argi eta grabitazio-uhinen bidez, aldi berean, ikusteko kapaz izan da nazioarteko talde bat. Horrela, Unibertsoaren behaketan “aro berri baten hasierari” ateak zabaldu dizkiotela uste dute.

Saiakera abuztuaren 17an egin zuten. Bi neutroi izarren arteko fusioak utzitako arrastoak ikusi zituztela “uste dute”. Gertakizunari ‘kilonovas’ izena eman diote. Horren berri duela 30 urte izan zuten zientzialariek, baina ikusi ahal izan dituztela aurrenekoz baieztatu dute orain.

Horrela, gertakizun bereko grabitazio-uhinak eta argia (erradiazio elektromagnetikoa) aldi berean ikusi ahal izan dituzte mundu osoko astronomoek.

Aldi berean bi agerraldi egin dituzte gaur, aurkikuntzaren berri emateko (bat Europako Behatokiaren edo ESOren egoitza nagusian, Alemanian; bigarrena National Science Foundationek Washingtonen). Europako Espazio Agentziaren (ESA) hitzetan, “sekula ikusi gabeko fenomeno astronomiko baten behaketa iraultzailea da”.

Zer dira?

Abiadura handian doan gorputz handi batek sorturiko espazio-denboraren deformazio/ondulazioak dira grabitazio-uhinak. Albert Einstenek duela 100 urte iragarri zituen. Hala ere, grabitazio-uhin bat aurrenekoz 2015eko irailaren 14an ikusi zuten zientzialariek. Aurreneko uhin hori eta ondoren beste hiru antzeman zituzten adituek, guztiak zulo beltzek sorturikoak.

Aurkikuntzak 2017ko Fisika Nobel saria bereganatu zuen. Rainer Weiss, Barry C. Barish eta Kip S. Thorne estatubatuarrei eman zioten uhinen behaketagatik.

2017ko abuztuaren 17an, 14:41ean (Euskal Herriko ordutegian), Ameriketako Estatu Batuetako LIGO tresnak (Laser Interferometer Gravitational-Wave Observatory) eta Italiako Virgo interferometroak bosgarren grabitazio-uhina antzeman zuten: GW170817.

Bestalde, Fermi (NASA) eta INTEGRAL (ESA) behatokiek gamma izpien eztanda labur bat (GRB) antzeman zuten. LIGOk eta Virgok grabitazio-uhina antzeman eta bi segundo geroago ikusi zuten eztanda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken ordukoa Zientzia Zientzia hedapena gaur