Gizartea -
Bizkaia
Taxilari bat atxilotu dute Santurtzin, beste bati labanaz erasotzeagatik
Zauritua Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten. Erasotzailea Muskizko polizia-etxean entregatu zen, eta erasoa egiteko erabilitako arma eraman zuen.
agentziak
Ertzaintzak taxi-gidari bat atxilotu zuen atzo goizaldean, beste bati labanaz erasotzeagatik, Santurtzin. Biek eztabaida beroa izan zuten taxi geltoki batean, eta labana batez eraso zion.
Segurtasun Sailak ohar baten bidez zabaldu duenez, astearte goizaldean gertatu zen erasoa, 02:00etan. Lekuko batek ohartarazi zuen Ertzaintza, gizonezko batek beste bati aizto batez eraso ziola ikusi ostean. Lekukoaren esanetan, erasotzaileak ihes egin zuen bere autoan.
Erasoa izan zen lekuan bertaratu ziren agenteek baieztatu zutenez, biktimak bi zauri zituen beso batean, eta beste bat kokotsean. Biktimak azaldu zuenaren arabera, lankide batek eraso zion, elkarrekin eztabaidatu eta gero.
Zauriak ikusita, zauritua Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten.
Handik gutxira, ustezko erasotzailea Muskizko polizia-etxean entregatu zen, eta erasoa egiteko erabilitako arma eraman zuen, oraindik odol arrastoak zituela.
Horren aurrean, agenteek atxilotu egin zuten ustezko erasotzailea (56 urte), eta epailearen esku utzi dute jada.