Gizartea -
Galiziako suteak
Susmagarri bat atxilotu dute Vigon, Ourensen sute bat piztea egotzita
Asteazken arratsaldeko lehen orduan, Galizian dauden 39 suteak kontrolpean dituzte, dagoeneko.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon bat atxilotu dute Vigon, igandean zuhurtziagabekeriaz jokatuta Ourenseko Os Blancos udalerrian sute bat piztu izana egotzita, Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak sare sozial batean duen kontuan jakitera eman duenez.
Asteazken arratsaldeko lehen orduan, Galizian dauden 39 suteak kontrolpean dituzte, dagoeneko. Lau lagun hil dira azken egunotan autonomia erkidego horretan piztu diren suteen ondorioz.
Angeles Vazquez Landa Inguruneko kontseilariaren esanetan, suteak piztu dituztenen "jarduera su-emaile eta eraileak" du hondamendi horren errua; izan ere, sute guztiak nahita piztu dituzte, horren arabera.
Polizia Nazionalak, bitartean, helbide elektroniko bat zabaldu du, herritarrek, izenik eman gabe, asteburuan Vigon eta Redondelan piztutako suteen gaineko informazioa eman dezaten, gertatutakoa argitzen laguntzeko.
Oposizioa, baina, kritiko agertu da. BNG, PSOE eta En Marea alderdien ustez, suteak izan aurretik ez da prebentzio lanik egin, eta suteak piztutakoan ez zaie erantzun egokirik eman.
Nuñez Feijoo: "Atentatuak dira"
Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidenteak deitoratu egin du oposizioa hondamendiaz baliatzea. Horren esanetan, "okerrena atzean geratu da", eta ondorioak neurtzea eta galdu diren etxebizitzak berreraikitzea da lehentasuna orain.
Lau hildakoen familiei doluminak eman ostean, Galiziako presidenteak berriro esan du "atentatuak" izan direla, "gaizkile hiltzaileek" egindako atentatuak.