Gizartea -
Kanpaina turistikoa
Berasategui, Lomba eta Pasaban 'Euskadiko enbaxadoreak' izango dira
Euskal turismoaren inoizko urterik onenarekin bat egin du egitasmo honek. 266.000 bisitari hartu zituen Euskadik abuztuan Eustaten datuen arabera, inoiz baino gehiago.
Erredakzioa
'Euskadiko enbaxadoreak' kanpaina turistikoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak.Martin Berasategui, Modesto Lomba, Edurne Pasaban eta Miguel de la Quadra-Salcedo Euskadiren aurpegia izango dira munduan.
Lau 'enbaxadore' horiek esperientziak eta oroitzapenak bildu eta beren leku kutunenen berri eman dute euskadigozaezazu webgunean ikusgai dauden bideotan.
EAEn edo beste inon bizi den edozeinek Euskadin bizitako esperientziak partekatu ditzake, webgunean bideoak eta argazkiak igota, estekak proposatuta, poemak idatzita... 100.000 bisitatik gora jaso ditu webak dagoeneko.
Uztailean, 1.800 erabiltzailek izendatu zuten bere burua Euskadiko 'enbaxadore' aipatutako webgunean izena emanda.
'Enbaxadore'en argazkiak, autobus-geltokietan eta fatxadetan
'Euskadiko enbaxadore'en argazkiak Madril, Bartzelona eta Bilbo hirietako eraikinetako fatxadetan eskegiko dituzte, eta Madril, Bartzelona eta Valentziako metroetan ere jarriko dituzte ikusgai. Gainera, Donostiako, Gasteizko, Burgoseko, Leoneko, Alacanteko, Iruñeko, Logroñoko, Salamancako eta Zaragozako autobus geltokietan ere saiatuko dira turistak erakartzen euskal pertsonaion irudiak jarrita.
Laster, kultura, kirol eta sukaldaritza alorretako pertsona ezagun gehiago ere izango dira 'enbaxadore'.
Inoizko urte turistikorik onena
Euskal turismoaren inoizko urterik onenarekin bat egin du egitasmo honek. 266.000 bisitari hartu zituen Euskadik abuztuan Eustaten datuen arabera, inoiz baino gehiago.
Aurreko urteetako goranzko joerari jarraituta, urtarriletik hona 1.500.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute EAE.