Gizartea -
Droga-trafikoa
Droga saltzeko umeak erabiltzen zituen sare bat desegin dute Nafarroan
Guztira familia bereko 19 pertsona atxilotu dituzte. Sareko kideek euren seme-alaba adingabeak ere erabiltzen zituzten droga salerosteko.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak droga salerosten eta banatzen zuen eta zeregin horretan umeak ere erabiltzen zituen familia bateko 19 pertsona atxilotu ditu Nafarroan.
Poliziak azaldu duenez, sareak speedball saltzen zuen, hau da, heroina eta kokaina nahasiz sortutako droga bat. Madrilen, Euskadin eta Bartzelonan erosten zuen, eta ondoren Nafarroan eta Errioxan saldu.
Ustez, taldearen burua familiaren matriarka (53 urtekoa) zen. Antza, senarrarekin batera, droga erosi eta negoziatu egiten zuen, baina banaketa seme-alaben eta suhi-errainen bitartez egiten zuen. Haiek saltzen zieten euren etxebizitzetara joaten ziren pertsonei.
Bien bitartean, sendiko umeak behaketa lanak egitera behartzen zituzten. Etxeko balkoietatik begira jartzen zituzten, poliziak ikustekotan gainerakoak ohartarazteko.
Sendiak nonahi ezkutatzen zuen droga, freskagarri-latetan eta pelutxeetan, besteak beste.
Irailean, matriarka kartzelatu egin zuten, droga-trafikoarekin lotutako beste delitu batzuk tarteko, baina espetxetik bertatik ere sarea zuzentzen jarraitu zuen.