Gizartea -
Eraso informatikoa
Eraso informatiko batek eten egin ditu Kulturako eta SGAEko webguneak
Kultura Ministerioko eta Egile eta Editoreen Elkarteko (SGAE) web orrialdeek eraso informatiko bat jasan dute, eta ondorioz, erabiltzaileak ezin izan dira horietara sartu, Efek jakinarazi duenez.
Erredakzioa
SGAEk jasan du erasoa lehenik, eta "oso larria eta justifikaezina" dela iritzi dio; erasoaren ondorioak eguerdi aldera nabaritu dira SGAEko orrialdean.
Erakundeko talde informatikoak egun osoa darama erasoa saihesteko; izan ere, Anonymous talde "ziberaktibistak" egunsentian eraso bat gauzatuko zuela mehatxatu zuen, baina erasoa aurreratu egin du.
PandaLabs segurtasun enpresak jakinarazi duenez, zerbitzua bertan behera uzteko asmoz egin dute erasoa: webgune baten zerbitzariari eskakizun anitz bidaltzen dizkiote, eta ondorioz, karga jasan ezinik, zerbitzaria "erori" egiten da eta erabiltzaileak ezin dira orrialdera sartu.
Artxibo-trukaketa askeen tokiak ixtearen kontra protesta egin nahi izan omen dute erasotzaileek horrela.
Bestalde, Kultura Ministerioko iturrien arabera, beren zerbitzariek eraso bat jasan dute, baina oraingoz ez dakite zeinek egin duen erasoa.