Gizartea -
Nafarroan
Bi adingabe atxilotu dituzte sexu askatasunaren aurkako delituak egotzita
Iruñean eta Erriberrin atxilotu dituzte 17 urteko bi gazteak. Horietako bati adingabeak galbidean jartzea eta sexu-abusuak egotzi dizkiote; besteari, aldiz, sexu-jazarpena.
Agentziak | Erredakzioa
Foruzaingoak bi adingabe atxilotu ditu sexu-askatasunaren aurkako delituengatik. Bi kasuetan, biktimek mehatxuak jaso zituzten sare sozialetan.
Iruñean 17 urteko gazte bat atxilotu dute ustez adingabeak galbidean jartzea eta sexu-abusuak egotzita.
Bi neskatoren amek salaketa bat jarri ostean abiatu zen ikerketa.
Dirudienez, gazteak zenbait adingaberen argazki pribatuak lortu ondoren, horiek erabili zituen sare sozialetan ez zabaltzearen edo lagunei ez bidaltzearen truke sexu mesedeak lortzeko. Mehatxuak gero eta sarriagoak egin ziren, eta biktimetako batek sexu-harremanak izan zituen harekin.
Orain arte, bi biktimak jarri dute salaketa, baina Foruzaingoak ez du baztertzen beste biktimaren bat gehiago egotea.
Bestalde, Erriberrin, Foruzaingoak 17 urteko beste gazte bat atxilotu du, sexu-jazarpen delitua leporatuta.
Horri dagokionez, sanferminetan gazte batek sakelako telefonoa (argazki pribatuak zituen bertan) galdu ostean abiatu zen ikerketa.
Ondoren, Instagram sare sozialeko profilean argazki eta bideo pribatuak eskatzen zizkion mezuak jasotzen ari zela salatu zuen.
Foruzaingoaren ikerketei esker, gaztea identifikatu eta atxilotu egin zuten.