Gizartea -

Etsita

Bere buruari su emango diola iragarri du, Barakaldon

52 urteko gizona autoan bizi zen eta orain kutxazain batean egiten du lo, udaletxearen parean. Udalari laguntza sozialak eskatzen dizkio, baina ukatu egiten dizkiote erroldatuta ez dagoelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek bere burua monje bontzoen gisara erreko duela iragarri du Barakaldon, bere egoera ekonomikoagatik etsita dagoelako, Radio Euskadik jakitera eman duenez. Irrati kateak emandako informazioaren arabera, ez du bizilekurik eta lanak izaten ditu hilabete amaierara iristeko.

52 urteko gizonezkoak 18 urteko semea du eta egunotan lagun batzuen etxean utzi du, aterpea izan dezan. Azken asteotan autoan bizi izan da eta orain Barakaldoko erdiguneko kutxazain batean egiten du lo, udaletxearen parean, jendearen arreta bereganatze aldera; izan ere, Udalari laguntza sozialak eskatzen dizkio, baina ukatu egiten dizkiote.

Langabezian, hilean 420 euroko diru-laguntza hartuta, lanak izaten ditu hilabete amaierara iristeko. Barakaldon, Portugaleten eta Sestaon bizi izan bada ere, orain ez dago udalerri bizkaitar horietako batean ere erroldatuta, Katalunian denboraldi bat igaro ostean. Etsita dagoela dio eta, horregatik, pazientzia galduta, bere burua bontzoen eran erreko duelako mehatxua egin du.

Udaltzaingoa gizona lasaitzen saiatu da eta oraingoz mehatxua ez betetzea lortu du. Barakaldoko Udalak azaldu duenez, zerbitzu sozialak aholkularitza emateko prest agertu dira, baina diru-laguntzak ematea errefusatu dute gizona ez dagoelako herrian erroldatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea