Gizartea -
100 auzipetu baino gehiago
Hamar atxilotu Euskadin, haur-pornografiaren aurkako operazioan
Operazioa 32 probintziatan egindako 97 miaketarekin burutu dute; 328 disko gogor, 40 ordenagailu eramangarri, 21 CPU, 2 notebook, hainbat dvd eta cd, 13 pendrive eta 8 memoria-txartel atzeman dituzte.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak 57 pertsona atxilotu ditu eta beste 47 auzipetu (besteak beste, informatika ingeniariak, enpresa zuzendariak, udaltzainak, ikasleak eta pizza banatzaileak) haur-pornografia izan eta banatzearen kontrako ziber-sarekada baten ondorioz. Araban hiru pertsona atxilotu dituzte, bost Bizkaian eta lau Gipuzkoan.
Norvegiako Ikerketa Zerbitzu Nazionalak garatutako eta Europolek Teknologia Ikerketa Brigadaren eskutan jarritako NordicMule informatika aplikazioaren bidez sarea arakatu eta 20.000 konexio baino gehiago aztertu dituzte.
Miaketetan, ziberpoliziek 328 disko gogor, 40 eskuko ordenagailu, 21 CPU, 2 notebook, hainbat dvd eta cd, 13 pendrive eta 8 memoria-txartel atzeman dituzte.
Atxilotuen artean haur-pornografia ekoizle bat dago eta mota horretako artxiboak izan eta banatu ez ezik, irudiak ustez grabatu ere egin zituen. Bertan haren bi senide agertzen ziren, zazpi eta 14 urtekoak, jarrera sexualak zituztela. Irudiok, Poliziaren arabera, oso gogorrak dira.
Aipatutako programaren bidez, deskargak artxiboak komunean jarri gabe egin daitezke; eta ikertzen ari diren erabiltzaileen herrialdea ere aukera daiteke eta, horrela, artxiboak jaisten dituzten erabiltzaileen informazioa grafiko baten bidez ikusreko aukera dago.
Hiru egun baino gutxiagotan burutu dute ziber-sarekada, eta 97 miaketa egin dituzte, 32 probintziatan: Araba (3), Alacant (1), Almeria (1), Asturias (2), Badajoz (1), Bartzelona (16), Bizkaia (5), Cáceres (2), Cádiz (7), Cantabria (5), Castelló (1), Ciudad Real (1), Cuenca (1), Girona (1), Granada (1), Gipuzkoa (4), Huelva (2), Errioxa (2), Las Palmas (2), Lleida (1), Madril (11), Málaga (2), Murtzia (1), Palma (2), Pontevedra (3), Sevilla (1), Tarragona (1), Teruel (1), Toledo (2), Valentzia (12), Valladolid (1) eta Zaragoza (1). Guztira, 57 pertsona atxilotu dituzte, horien artean 11 epailearen esku daude, eta beste 47 auzipetu.