Gizartea -

Egoitza-baimenak

Etorkinek baimenak berritu ahalko dituzte, bikotekideek lana badute

Inmigrazio eta Lan Ministerioko Inmigrazio atalaren zuzendariaren arabera, Inmigrazio Araudi berriak baimenak berritzeko "erraztasun" handiagoa emango du, irregulartasunaren fenomenoa ekiditeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Markus Gonzalez Inmigrazio eta Lan Ministerioko Inmigrazio atalaren zuzendari orokorrak aurreratu duenez, Gobernuaren asmoa etorkinen egoitza-baimenak berritzea da, beti ere euren bikotekideek lana izanez gero eta, dagokienean, Espainian egoteko gutxienezko baldintzak betez gero.

Gonzalezek Europa Press agentziari egindako adierazpenen arabera, onartzeke dagoen Inmigrazio Araudiak "erraztasun" handiagoa emango die etxegintza sektorean, esaterako, lanpostua zuten eta orain galdu dutenei.

Hori dela eta, Gobernuaren asmoa da etorkinak herrialdean geratzea, beti ere euren bikotekideek (senar-emaztea edo izatezko bikote) lanposturen bat izatekotan.

"Berritze automatikoak errazteko" Gobernuak aurrikusi dituen neurrien artean, errotze sozialaren erreforma barne hartu du, egoera irregularrean dauden atzerritarrek Espainian bi urte (eta ez hiru, orain egiten den moduan) daramatzatela egiaztatu beharko dute.

Egun, errotze soziala lortzeko, etorkinek gutxienez honako baldintza hauek egiaztatu behar dituzte: gutxienez hiru urte daramatzatela herrialdean, zigor-aurrekaririk ez dutela, eta, eskaria egiterako orduan langileak eta enpresaburuak sinatutako lan-kontratua dutela, behinik behin, urtebete baino gehiagokoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea