Gizartea -

BIDE AZPIEGITURAK

Gipuzkoa, errepideen 3Dko eskanerra egiten aitzindari

Hitzarmen berri bat onartu dute ere, errepide-sare foralaren birgaitze, mantentze eta indartzeko lanak hasteko.

Megakamioia Donostian. DFG
Megakamioia Donostian. DFG
Megakamioia Donostian. DFG

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundia Estatuko lehen administrazioa izango da foru errepideen sareko 1.800 kilometroak hiru dimentsioko kalitate tipografikoa erabiliz eskaneatzen. “Horrek erraztu egingo ditu bide-segurtasuneko ikuskaritza prozesuen automatizazioa, obrak egiteko baimenak eta istripuen diagnostikoak”, Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek azaldu duenez. Lizitazioaren aurrekontua 364.149 eurokoa da, eta urtebeteko epea ezarri dute hori egiteko.

Foru diputatuaren arabera, sistema hori ibilgailu batean sentsore sinkronizatuak instalatuta dabil, hiru dimentsiotan kokapen geoerreferentziatu ia etengabe eta automatikoa egiteko. Horrela, errepidearen seinale horizontalei buruzko informazioaz gain, seinale bertikal guztiei buruzko informazioa ere izango dute; bide-seinale edo farolena, esaterako.

Aldundiak errepide sare horren azken inbentarioa 2004an egin zuela nabarmendu du Oiarbidek, eta ezinbestekotzat jo du beste bat egitea. MMS (Mobile Mapping Sistem) teknologiari esker, “osoagoa eta zehatzagoa” izango dela gaineratu du.

Horren aplikazioari dagokionez, “profesionala” izango dela azaldu du, Bide Azpiegituretako Departamentuak eta Segurtasun Sailak erabiltzeko izango baita. Horren esanetan, “horrek hobetu eta erraztu egingo ditu bide-segurtasuneko ikuskaritza prozesuen automatizazioa, obrak egiteko baimenak, istripuen diagnostikoak, garraio berezietarako datu generikoak eta departamentu horretako langileen segurtasuna”.

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak beste kontratu bat aterako du lehiaketara, Gipuzkoako foru errepideen sareko mila egitura baino gehiago mantentzeko, birgaitzeko eta indartzeko lanak egiteko. Kontratu horren helburua da konpontzeko zailagoak eta garestiagoak liratekeen arazoak sortzea ekiditea edo atzeratzea. Kontratuak bi urteko exekuzio epea izango du (gehienez ere beste bi urtez luzatu ahalko da), eta ia 1,2 milioiko aurrekontua izango du.

MEGAKAMIOIAK

Oiarbidek hilabete honetan Gipuzkoako errepideetatik igaroko diren bi megakamioiei buruz informazio gehiago emateko aprobetxatu du prentsaurrekoa. Foru diputatuaren arabera, bata, Trapagarandik Hernanira transformadore bat garraiatuko duena, N-1etik iritsiko da Gipuzkoara asteazken edo ostegun honetan. Azaroaren 13tik eta 14rako gauean, berriz, beste bat abiatuko da bueltan, beste transformadore batekin.

Bi bidaiak gauez egingo dituzte, “trafikoan eragin txikiena” egiteko, kamioi erraldoi horiek erabiliko dituzten bideetan trafikoa eten beharko baita, kamioi astun horien neurrien ondorioz.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa