Gizartea -
Epaia
Portugaleten ama hil zuen gizona errudun jo du epaimahaiak
Herri-epaimahaiak aho batez hartu du erabakia. Zigortuak errealitatea ongi ulertzeko gaitasunik ez zuela frogatutzat jo du, baina asaldura larria ez zela gaineratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Portugaleten (Bizkaia), iragan urtarrilean, ama hil zuen gizona errudun jo du herri-epaimahaiak aho batez. Zigortuak errealitatea ongi ulertzeko gaitasunik ez zuela frogatutzat jo du, baina asaldura larria ez zela erantsi du.
Gertakariak urtarrilaren 6an jazo ziren. Zigortuak labankada bat bularrean eman zion 93 amari Portugaleteko etxean. Biktimak Alzheimerra zuen. Hala ere, hilketaren berri lau egun geroago eman zuten, gizona bere buruaz beste egiten saiatu zenean.
Ama-hilketa frogatutzat jo du epaimahaiak. Akusatuak ez du sekula ukatu, beti onartu du. Toxikomaniak errealitatea ulertzeko gaitasuna erasaten ziola onartu du epaimahaiak; izan ere, kokaina eta alkohola kontsumitu eta depresioa zuen erasotzaileak.
Hala ere, epaimahaiak ez dio salbuesle osoa eman, gaitasunen asaldura larria ez zela iritzita.
Fiskalak eta abokatuak eskakizunak aldatu dituzte
Epaia irakurri ondoren, fiskalak kartzela eskaera murriztu du, 21 urtetik 15era.
Defentsak hasiera batean absoluzioa eskatu zuen salbueslea osorik kontuan hartuz, baina 8 urteko espetxe-zigorra edo aldizkako azterketekin ospitale psikiatriko batean gehienez 10 urte igarotzea eskatu du orain.
Gainera, zigorra murriztearen edo indultu posible baten aurka agertu da herri-epaimahaia.