Gizartea -
Ekainera arteko datuak
65 salaketa izan dira Euskadin 2017ko lehen seihilekoan gorroto-delituengatik
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren iritziz, datuen arabera, egoera "egonkor" dago, baina gizarteak "sentsibilizatuta" egon behar du, salatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ostiral honetan jakitera eman duenez, Euskadin, 2017ko lehen seihilekoan, 65 salaketa jarri dituzte gorroto-delituengatik. Beltran de Herediaren iritziz, kopuru horrek "frogatzen du egonkortutako egoera batean gaudela", baina ohartarazi du beharrezkoa dela "gizartea sentsibilizatzea, horrelako delituak salatu eta egoera horiek agerian uzteko".
Beltran de Herediak agerraldia egin du ostiral honetan Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemosek eskatuta, Giza Eskubideen eta Berdintasunaren Batzordearen aurrean; bertan, Segurtasun Sailak gorroto-delituen harira egiten dituen politiken berri eman du.
Segurtasun sailburuak azaldu du horrelako delituak modu espezifiko batean daudela jasota Kode Penalean, diskriminaziozko egoera jakin batzuk zigortzeko; hain zuzen ere, zigortzen ditu biktimak edo arau-haustearen jomugak ondorengo arrazoiarengatik aukeratzen diren delituak: "Benetan edo itxuraz harremana dutelako kide guztiek komuneko ezaugarriren bat duten talde batekin; izan daiteke kidea dela, horrekiko joera duela, babesten duela, edo atsegin duela".
"Ezaugarri horrek lotura izan lezake arrazarekin, jatorri nazionalarekin ala etnikoarekin, hizkuntzarekin, kolorearekin, erlijioarekin, sexuarekin, adinarekin, desgaitasun intelektual edo fisikoren batekin, sexu-joerarekin, etxerik ez izatearekin, edo heterofobiako edozein kasurekin", adierazi du.
2016an, 124 salaketa
Esan duenez, Euskadin, 124 salaketa izan ziren 2016an gorroto-delituengatik; aurtengo lehen seihilekoan, 65 kasu izan dira: 33, arrazismo edo xenofobiagatik; 20, sexu-joeragatik edo sexu-identitateagatik; 7, politika-joeragatik edo ideologiagatik; 3, erlijioagatik; 1, desgaitasun edo gaixotasun batengatik; eta beste bat, pobreziagatik. Epe horretan, 66 laguni egotzi diete errua.
Beltran de Herediak nabarmendu duenez, kopuru horien bilakaerak frogatzen du “egonkortuta dagoen egoera baten aurrean” gaudela, baina onartu du horrelako kasuek tratamendu espezifikoa eta jarraipena behar dutela, zigortzeko moduko edozein jarrerarik egon ez dadin.
"Ertzaintzaren jardueraren testuinguru orokorrean, datuen bilketa eta azterketa sistematikoa ari gara egiten; izan ere, hori interesatzen zaigu estatistikari begira, bai, baina, batez ere, gorroto-delituek kezkatzen gaituztelako eta lehentasuna direlako Ertzaintzaren barnean", adierazi du.
Sailburuaren iritziz, "gai oso sentikorra da"; landu behar da, saiatzeko "gorroto-delituaren edozein foku suntsitzeko, gorroto-delitua eragiteko gaitasuna duen edozein fokurik ez egoteko".
Hortaz, ondorengoa nabarmendu du: "Berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko, gizartea sentsibilizatu behar dugu, salatu behar dugu; horrek ere laguntzen du egoera agerian sarriago egoteko asmoan".
"Genero-indarkeriarekin bezala gertatzen da. Zenbait urtez ezkutuan egon da, baina, zorionez, gero eta argiago ateratzen dira horrelako kasuak", jarri du eredu moduan.
Jarduera-prozedura zehatza, 2013tik
Beltran de Herediak gogorarazi duenez, Ertzaintzak, 2013tik, jarduera-prozedura bat du gorroto-delituei aurre egiteko. Bertan, datu-bilketa nola egin behar den dago zehaztuta, nolako jarraipena egin salaketei, epaien gaineko informazioa nola jaso, balizko prebentzio-planak…
Halaber, adierazi duenez, beste delituekin ere gertatzen den bezala, prebentzioa oso garrantzitsua da; polizia-unitateek informazioa aztertzen dute, arrisku arrazista edo xenofoboaren berri izateko.