Gizartea -

Ikerketa baten arabera

EAEko adinekoen % 80k bizimodu autonomoa du

Eusko Jaurlaritzak adinekoen bizi-baldintzei buruzko azterlan bat aurkeztu du. Azterlan berri hori Adinekoentzako Ekintza Plana (2011-2015) egiteko oinarri gisa erabiliko da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin bizi diren 65 urtetik gorako gehienak (410.000 pertsona inguru) nahi duten moduan bizi dira, aktiboak dira, beren osasuna zaintzen dute, kirola egiten dute eta familia-harremanen sare zabala daukate haien zaintza eta laguntzarako.

Emaitza horien berri eman du gaur Gemma Zabaleta sailburuak Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean, adinekoen bizi-baldintzei buruz Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak egin duen azterlana aurkezterakoan.

Egoeraren diagnosiaz gain, azterlan berria Adinekoentzako Ekintza Plana (2011-2015) egiteko oinarri gisa erabiliko da. Plan hori Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak landuko du, Adinekoen Kontseiluaren eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluaren partaidetzarekin. Plan horrek hainbat neurri jasoko ditu Euskadin bizi diren adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko.

Eusko Legebiltzarrean izandako agerraldian azterlana egiteko arrazoia eman du Zabaletak, eta, adierazi duenez, “pentsioen etorkizunari edo ongizate estatuari buruz gogoeta egiteko garrantzitsua da biztanleria-egituraren aldaketak ezagutzea”. Ikerketaren oinarri gisa, 1.200 adineko elkarrizketatu dira haien etxeetan, aurtengo apirilaren 19tik maiatzaren 28ra. Azterlanean hainbat aldagai aztertu dira, besteak beste, bizi-baldintza materialak, diru-sarreren maila, gizarte-sareak, osasuna, aisiaren erabilera, gizarte-zerbitzuak, adierazle psikologikoak, balioak eta jarrerak.

Azken udal erroldan, 2009. urtean, 65 urte edo gehiagoko 409.537 pertsona zenbatu ziren Euskadin, hau da, EAEko bost biztanletatik bat. 65 urtetik gorako biztanleria bikoiztu egin da azken 30 urteotan.

2020. urterako aurreikuspenen arabera 2020. urtean 65 urtetik gorakoak % 20 baino gehiago izango dira. Emaitza horien arabera, “zaharren zahartzea” errealitate bihurtu den gertaera da, eta datozen urteetan ondorio sakonagoak izango ditu. Zabaleta sailburuak esan duenez, “aurreikuspenen arabera 2060. urtean ia Euskadiko biztanleen erdiek laurogei urteak beteak izango dituzte, eta logikoa denez, mendetasun-egoerak ugaldu egingo dira. Prest egon beharko dugu, denok nozituko baitugu horren eragina: familiek, enpresek, erakundeek, botere publikoek…”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea