Gizartea -

Ikerketa

7.000 behi inguru mutilatu zituen talde antolatu bat desegin dute Nafarroan

Guardia Zibilak hiru lagun inputatu ditu animaliei tratu txarrak emateagatik. Animaliek ez zituzten ez adarrik ez buztanik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

7.000 behi inguru mutilatu zituen talde antolatu bat desegin du Nafarroako Guardia Zibilak. Foru Erkidegoan zituzten nekazaritza-ustiategietako behiei adarrak eta buztanak mozten zizkieten, Guardia Zibilak jakinarazi duenez.

Guardia Zibilaren arabera, behiak modu erosoagoan jezteko mutilatzen zituzten, animaliak mutilatzeko arrazoi bidegabea izan arren.

Ekainean abiatu zuten ikerketa Naturaren Kontserbaziorako Zerbitzuko agenteek, Nafarroako nekazaritza-ustiategietan ustez mutilazioak egiten ari zirela jakin eta gero.

Hainbat miaketa egin ondoren, hiru lagun inputatu zituzten animaliei tratu txarrak emateagatik. Agenteek miaketetan ikusi zutenez, animaliek ez zuten ez adarrik ez buztanik.

Iturri beraren arabera, burdina goriaz erretzen zizkieten adarrak txahalei bi aste zituztenean.

Buztanak mozteko teknikari dagokionez, anestesia lokala ematen zieten bi asteko txahalei. Ondoren, goma bat jartzen zieten buztanean presioa egin eta odol fluxua oztopatuz nekrosia sortarazteko; ondorioz, handik hiru astera, buztanaren zati bat erortzen zitzaien.

Guardia Zibilak azaldu duenez, buztana mozteak min kronikoa eragin diezaieke animaliei. Halaber, euliak uxatzeko buztanik ez izateak estresa eragiten die, eta horrek ondorioak izan ditzake horien izaeran eta elikaduran. Horrez gain, intsektu eta parasitoen erasoa errazago jasatea ekar dezake, eta horiek infekzioak eragiten dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Gaurko azken orduko albistea