Gizartea -

Osasuna

Osakidetzak arratsaldeko txanda indartuko du itxarote-zerrendak murrizteko

Hala ere, Espainian baino askoz gutxiago itxaron behar dute EAEko pazienteek. Estatuan batez beste 115 egun itxaron behar dituzte ebakuntza baterako eta 72,1 egun kanpo kontsultarako.

Urdulizko ospitalea. Artxiboko irudia: EiTB
Urdulizko ospitalea. Artxiboko irudia: EiTB
Urdulizko ospitalea. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itxarote-zerrendak murrizteko, arratsaldeko txandan ebakuntzak eta kanpo kontsultak areagotuko ditu Osakidetzak. Gainera, “lan-karga handia” denean ebakuntza batzuk itunpeko zentro pribatuen esku utziko dituzte.

Jon Darpon Osasun sailburuak ‘Itxaronaldiak murrizteko plana’ aurkeztuko du asteazken honetan, Eusko Legebiltzarreko batzordean. Egitasmoa alderdiei entregatu diete dagoeneko.

Zentzu horretan, 2006an onartutako helburuak bete dituztela gogorarazi du Osakidetzak: 30 egun minbizi ebakuntzatan, 90 bihotzeko kirurgian, 180 gainerako prozedura kirurgikoetan eta 30 kanpo kontsulta ohikoenetan.

Txostenak azpimarratu duenez, Espainian baino askoz gutxiago itxaron behar dute EAEko pazienteek; izan ere, Estatuan batez beste 115 egun itxaron behar dituzte ebakuntza baterako eta 72,1 kanpo kontsultarako, baina itxarote-zerrendak murrizteko jarraibide batzuk planteatu ditu.

Neurriak

Besteak beste, Osakidetzako profesionalak kontratatu euren ordutegitik kanpo ebakuntzak egiteko, “lan-karga handia” denean ebakuntzak zentro pribatuen esku utzi eta kirurgia handi anbulatorioa sendotzea planteatu du txostenak.

Osakidetzaren itxaronaldia murrizteko 37,9 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du Eusko Jaurlaritzaren 2018rako aurrekontu proiektuak.

Basurtuko ebakuntza-gelak (4,9 milioi) handitu, ebakuntza-gela berriak zabaldu Urdulizko ospitalean (11,2), Osateken erresonantzia magnetikorako ekipo berriak (3,6) eta arratsaldeko txandan ebakuntzak (18,2 milioi) egingo dituzte diru horrekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna albisteak Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaurko azken ordukoa