Gizartea -
nafarroa
Bi pertsona hil dira Oieregin, trafiko-istripuan
Bi autok aurrez aurre jo dute elkarren kontra, Foruzaingoak jakitera eman duenez. Errepidea itxi dute, bi noranzkoetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi pertsona hil dira, gaur goizean, Oieregin (Nafarroa) izandako trafiko-istripuan. Foruzaingoak jakitera eman duenez, N-121-A errepidean izan da ezbeharra, 43. kilometroaren parean, 10:00ak inguruan.
Lehen ikerketen arabera, bi autok aurrez aurrez jo dute elkarren kontra. Istripuaren ondorioz, errepidea itxi egin dute, bi noranzkoetan, eta NA-110 errepidera bideratu dute trafikoa.
Hildakoak bi ibilgailuetako gidariak dira. Autoetako bateko kopilotua, berriz, larri zauritu da, eta Nafarroako Ospitalera eraman dute.
Guardia Zibilak hartu bere gain ikerketa, istripua nola gertatu den argitzeko. Foruzaingoa ere istripua izan den lekuan izan da, trafikoa bideratzen.
Ikerketa
Foruzaingoak, bestalde, ikerketa zabaldu du, istripua izan duen autoetako batek, aurretik, Beran izan den beste istripu batekin zerikusia duen argitzeko.
Foru Poliziak jakitera eman duenez, Beran goizean auto batek beste bat jo du, eta ondoren, ihes egin du. Antza, Opel markako auto ilun bat zen ihesean joan dena, Oieregin istripua izan duenetako baten antzekoa.
Horrez gain, Oieregiko ezbeharra izan baino minutu gutxi batzuk lehenago, Foruzaingoak telefono dei bat jaso du, aipatutako ezaugarriak zituen auto bat sigi-sagan eta abiadura desegokian zihoala esanez.
Hori dela eta, ikerketa zabaldu dute, Beratik ihesi joan den autoa Oieregin istripua izan duenetako bat ote den argitzeko.