Gizartea -
Gipuzkoa
90.000 euroko galerak eragingo ditu Berastegiko 45 abelbururen heriotzak
Gipuzkoako Aldundiak ikerketa abiatu du eta, hala behar izanez gero, neurriak hartuko dituela esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Berastegiko (Gipuzkoa) abere-ustiategi batean, ostegunean, hilik aurkitutako 45 abelbururen heriotzak eragindako galerak 90.000 eurokoak izango direla esan du astearte honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak jakitera eman duenez, lehen hipotesien arabera, abelburuak "baztertuta" utzi zituzten edo "gaizki zainduta" zeuden, baina “tratu txarrak nahita eman izana” baztertu du.
Txostena zabalik eta ikerketa abiatuta, hurrengo pausua ahalik eta informazio gehien jasotzea izango da isunen bat ezarri behar den zehazteko.
"Ez gara sartuko tragedia honen atzean egon litekeen kontu pertsonalean. Gertatutakoa aztertzea tokatzen zaigu, zerk huts egin zuen zehazteko, neurriak hartzeko, eta, beharrezkoa balitz, zigorrak ezartzeko", azaldu du Lasak.
Lasaren hitzetan, 90.000 euro horiei gehitu beharko zaizkie Foru Aldundiak "hildako animaliak ustiategitik ateratzeko, zein bizirik jarraitzen zutenei emandako arretaren kostuak".