Gizartea -
PISA txostena
EAEko ikasleak, txarrenen artean taldeka arazoak konpontzeko orduan
15 urteko ikasle nafarrak, ostera, onenen artean daude.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko 15 urteko ikasleak Estatuko txarrenetarikoak dira, taldeka arazoak konpontzeko orduan. Andaluziako eta Extremadurako ikasleek bakarrik dituzte emaitza txarragoak, PISA azken txostenaren arabera. Azterketa gaur argitaratu du Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak.
Kontrako aldean, Madrilgo eta Gaztela eta Leongo ikasleak aurkitzen dira; izan ere, taldeka arazoak konpontzeko garaian Espainiako emaitza onenak lortu dituzte.
Madrilek 519 puntu eskuratu ditu eta Espainiako batezbestekoaren (496) gainetik dago.
Madrilen atzetik, Gaztela eta Leon (517), Nafarroa (505) eta Katalunia (505) agertzen dira zerrendan. Extremadurako (474) ikasleek, aldiz, emaitza txarrenak lortu dituzte, horien atzetik Andaluzia (483), Euskadi (484) eta Kanariar Uharteetakoak (484).
32 herrialde eta beste 19 nazio
Lankidetzarako Erakundeko 32 herrialde eta beste 19 nazio eta ekonomia aztertu ditu ikerketak. Taldeka lan egiteko eta arazoak konpontzeko 15 urteko ikasleen gaitasuna egiaztatu du.
Aztertutako herrialdeen batezbestekoa 500 puntukoa izan da. Emaitzarik onenak Singapur (561), Japonia (552), Hong Kong (541) eta Hego Koreako (538) ikasleek lortu dituzte; eta txarrenak Tunisia (382), Brasil (412), Montenegro (416) eta Peruko (418) gazteek.
Neskek 515 puntuko batezbestekoa dute (508 Espainian), Australia, Finlandia, Letonia, Zeelanda Berria eta Suediakoak nabarmenduz. Mutilek, aldiz, 508 puntuko batezbestekoa dute (485 Espainian).
Azterketa 2015ean egin zuen PISAk, eta 'Collaborative problem solving' leloa du.