Gizartea -

Immigrazioa

Etorkinen kanpamentu bat hustu dute Bilboko Portuan

Portua modu “baketsuan” utzi dute etorkinek. Bestalde, sei pertsona egoera irregularrean zirela antzeman du Polizia Nazionalak.

Bilboko Portuko inguruetan zegoen kanpamentu ilegal bat hustu dute

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Portuko Poliziak, Segurtasun Indarren laguntzarekin, “legez kanpoko” kanpamentu bateko etorkinei bertatik alde egin behar zutela jakinarazi die goizean. Etorkinek asteak eman dituzte kanpamentu horretan. “Higiene arazoak” sortzen ari zirela argudiatu du Portuko Agintaritzak.

Portua modu “baketsuan” utzi dute etorkinek. Bestalde, sei pertsona egoera irregularrean zirela antzeman du Polizia Nazionalak.

“Etorkinen legez kanpoko kanpamentua” duela aste batzuk eraiki zutela azaldu du Portuko Agintaritzak agiri batean.

Kanpamentua “azpiegitura kritiko batean” zegoen; izan ere, “ekonomiari zerbitzu ematen zion eta, ondorioz, enpresen eta garraiatu behar diren merkantzien segurtasuna bermatu beharra dago”, nabarmendu du Agintaritzak.

Zentzu horretan, “azpiegiturak batez ere bertan lan egiten duten pertsonen, bisitarien eta bidaiarien segurtasuna bermatu behar du”, azpimarratu du erakundeak.

Garbitasuna eta higienea

“Azken asteetan, garbitasun eta higiene publiko arazo garrantzitsuak begien bistakoak ziren, pertsonen osasuna arriskuan jarriz”, jakinarazi du erakundeak.

Gainera, “elkarteek eta partikularrek baldintza higieniko eskasak” salatu dituztela erantsi du Agintaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Migrazioa Bilboko Portua Gizartea Gaurko azken ordukoa