Gizartea -
Global Adaptation Institute
Klima-aldaketa gelditzeko gomendioak emango ditu Aznarrek
Espainiako presidente ohia klima-aldaketaren kontrako elkarte bateko presidentea izango da. Ingurumen ministroaren hitzetan, inozentada dirudi.
Erredakzioa
Global Adaptation Instituteko aholku batzordeko presidente izendatu dute Jose Maria Aznar FAES fundazioko presidentea. Elkartea klima-aldaketari aurre egiteko "irtenbide eraginkorrak" bilatzen saiatuko da.
Global Adaptation Institute irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta abenduaren 1ean jarriko dute abian klima-aldaketari buruzko eztabaidan "ahots pragmatiko bat" izateko, FAESek kaleratu duen komunikatu baten arabera.
Juan Jose Daboud Munduko Bankuko presidenteorde ohiak zuzenduko du elkartea eta egoitza Washingtonen egongo da. Global Adaptation Institutek "klima-aldaketaren ezagutza eta garapen bidean dauden herriek horri aurre egiteko erabil ditzaketen politika publikoen ezagutza" hobetu nahi ditu.
Espinosa: "Inozentada dirudi"
Aznarren kargu berria ezagutu ostean, Elena Espinosa Ingurumen ministroak honakoa esan du: "Gaur abenduaren 28a dirudi".