Gizartea -

2018-19 ikasturtean

Hezkuntza publikoko irakasle guztiek jasoko dute jazarpenaren gaineko prestakuntza

Eusko Jaurlaritzak "Bizikasi" planaren barnean eskainiko du prestakuntza hori; plana abian dago jada, eskola-jazarpenari aurre egin eta elkarbizitza positiboa sustatzeko.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
'Bizikasi', bullyingaren aurkako Eusko Jaurlaritzaren kanpaina

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Prebenitzea eta horri aurre egitea helburu, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola-jazarpenaren gaineko prestakuntza espezifikoa eskainiko die 2018-19 ikasturtean hezkuntza publikoko irakasle guztiei. Hain zuzen, ekimena zabalagoa ere bada; izan ere, prestakuntza hezkuntzan diharduten guztiei ematea du helburu.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak astelehenean aurkeztu du "Bizikasi" ekimena, euskal hezkuntza sisteman eskola-jazarpenari aurre egin eta elkarbizitza positiboa sustatzeko plan berria.

"Bizikasi" ekimenak lehentasunezko helburu bat du: ikastetxea biolentziarik gabeko gune bihurtzea; hain zuzen ere, ikastetxeak garapen pertsonal zein sozialerako ikasteko espazioa izatea, eta, eskola-komunitateko kide guztiek ezagutzaren eta denboran iraungo duen konpromiso partekatuaren bidez, eskoletan elkarbizitza positiboa sustatu eta jazarpen-egoeren aurrean tolerantziarik erakutsiko ez duen testuinguru segurua bihurtzeko.

Programak hiru arlo landuko ditu: prebentzioa, esku-hartzea eta ebaluazioa. Eskoletan, "talde dinamizatzaile bat" izango da, eta zentroko zuzendaria, ikasketa-burua, orientatzaile bana eta irakasle bana izango dira talde horietan.

Modu hierarkizatuan emandako prestakuntza espezifikoa

Ekimenak aurreikusten duenaren arabera, prestakuntza espezifikoa emango zaie tartean dauden talde guztiei, eta modu hierarkizatuan emango dute prestakuntza hori: lehenik eta behin, "talde dinamizatzaileak" osatzen dituzten kideei emango zaie; gero, irakasleei, 2018-19 ikasturtean denek jasotzeko aurreikuspenarekin; irakasleak ez diren langileen txanda izango da ostean; eta, azkenik, familiek eta eskolaz kanpoko taldeek jasoko dute.

Orain arte, berritzeguneetako 320 aholkularik, 80 ikuskarik eta ikastetxeetako talde dinamizatzaileen ardura duten 800 irakaslek jaso dute prestakuntza ikasturte honetan zehar. Datozen asteetan, gainera, beste 200 profesionalek jasoko dute.

Ikastetxe batek eskola-jazarpenaren aurrean prebentzio lan egokia egin dezan, ezinbestekoa da hura antzemateko nahiz jarraipena egin ahal izateko tresnak izatea. Prestakuntza jasotzen dutenean, ikastetxeek beharrezko kontrolak gauzatzeko materiala ere jasoko dute: behaketa egin eta arazoak detektatzeko tresnak, taldeko harremanen diagnostikoa egitekoak, txekeo-zerrendak, autoinformeak, heteroinformeak… Helburu nagusia da balizko jazarpen kasuei aurrea hartzea; azken finean, prebentzio, inplikazio eta jarraipen lanak egitea.

Jazarpenari aurre egiteko hizkuntza komuna

Ekimenaren arduradunen esanetan, hezkuntza-komunitateak ikuspegi eta hizkuntza komuna izan behar du jazarpenaren aurka. Fenomenoa "konplexua eta paradoxikoa" da, "ezkutuan" gauzatzen da, "detektatzeko zaila da", eta kalte handia egiten die guztiei, bai tartean daudenei bai hezkuntza-sistemari, sailburuaren esanetan.

"Umeen eta gazteen artean gertatzen da eskola-jazarpena. Jazarpena pairatzen duenak egoera zaila du aurrean, eta babesa eta laguntza behar ditu, baina jazarpena egiten duenak ere erakusten du orientazioa behar duela, jarrera erasotzaile horri gailendu ahal izateko", azaldu du.

Talde dinamizatzaileak 'Bizikasi' ekimenak aurreikusten dituen hainbat ekintza abiatuko ditu irakasleekin batera, eta berritzeguneek eta ikuskariek elkarrekin lan egingo dute, egoera bere onera buelta dadin.

Eskola-jazarpenaren aurkako inplikazioaren garrantzia gizarteari helarazi beharraz jabeturik, 'Bizikasi' komunikazio-kanpaina batekin batera iritsiko da. "Mozorroa kenduko diogu bullying-ari" lelopean, ekimen honen bidez kontzientzia zabaldu nahi da gizartean, eskola-jazarpenak jolasaren, txantxaren edo une bateko tirabiraren mozorroa jarri arren, halakoez berehala ohartu gaitezen eta konponbidea lehenbailehen eman diezaiegun.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza sistemako albisteak Irakasleak