Gizartea -
Elikagaien bilketa handia
Milioi eta erdi kilo bildu dituzte Euskadin elikagaien bilketa handian
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuek balantze positiboa egin dute, nahiz eta iaz baino elikagai gutxiago bildu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pasa den asteburuko elikagaien bilketa handiaren ostean, gaur balorazio eguna izan da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuek balantze positiboa egin dute, nahiz eta iaz baino kilo gutxiago bildu dituzten. Antolatzaileen esanetan, eguraldi txarrak eragin du, batez ere, jaitsiera hori. Dena dela, batutako elikagaiek datorren urtean 55.000 pertsona laguntzeko balioko dutela aldarrikatu dute. Ildo berean, boluntarioen lana azpimarratu nahi izan dute.
Lurraldez lurraldeko datuei dagokienez, Bizkaian 930.000 kilo inguru batu dituzte, iaz baino % 3 gutxiago. Hala ere, aurreko urtean baino bonu gehiago saldu dituzte, % 5-10 gehiago. Elikagaien Bankuaren esanetan, eguraldi txarra izan zela kontuan hartuta, kopuru "onargarria da". "Gure asetasun maila oso handia da", gaineratu du.
Gipuzkoan 630.000 kilo lortu dira: % 60 inguru elikagai "fisikoetan" dira eta gainerakoa bonuen bidez. Lortutako emaitzarekin pozik agertu dira antolatzaileak. Halaber, kanpainan zehar parte hartu duten 1.700 boluntarioen lana goraipatu du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak.
Araban, berriz, jaitsiera beste bi lurraldetan baino nabarmenagoa izan da, % 24 egin du behera iazko datuarekin alderatuta. Guztira, 162.000 kilo elikagai batu dituzte.