Gizartea -
Gipuzkoako Aldundia
Atzegik jaso du 2017ko Boluntariotza Saria, 'eredu ezin hobea' izateagatik
Adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak Aldundiaren eskutik jaso du aurtengo saria.
agentziak | erredakzioa
Atzegi Adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak 2017ko Boluntariotza Saria jaso du Foru Aldundiaren eskutik, boluntariotzaren alorrean "eredu ezin hobea" delako.
Horixe azaldu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak saria emateko ekitaldian, Aldundiaren egoitzan, 200 gonbidaturen aurrean.
Olanok azaldu duenez, saria "desberdina" da, "boluntarioak beraiek direlako nori eman erabakitzen dutenak". Gaineratu du Atzegi "eredu ezin hobea" dela boluntarioen eta elkarlanaren baloreen alorrean. Horiek dira, hain zuzen ere, sariak "sustatu" nahi dituen baloreak: "Bizikidetza, enpatia eta gertutasuna".
Bestalde, Josean Idoeta Atzegiren presidenteak azpimarratu du garrantzitsua dela saria jasotzea, boluntariotzari ematen dion "balioagatik". Idoetarekin batera Laura Paredes eta Ainhoa Mitxelena boluntarioek hartu dute saria.
Urritasuna dutenen senideek horien parte hartze soziala bultzatzeko egiten duten "lan eskerga" txalotu du Idoetak, "are boluntario gehiago" lortzeko esperantza agertu aurretik.