Gizartea -

ZIKLOGENESI LEHERKORRA

Bilboko Udalak neurriak hartzeko eskatu die herritarrei, 'Ana' borraska dela eta

100 km/h-ko haize ufadak espero dira 20:00ak eta 04:00ak artean. Horregatik, Udaleko Segurtasun sailak hainbat neurri eta gomendio zabaldu ditu herritarrak babesteko.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fronte atlantiar oso aktibo bat igaroko da gaur guretik, eta ziklogenesi leherkorrarekin bat egingo duenez, "Ana" izeneko borraska handia sortuko da eta haize denborale bortitza izango dugu.

Aurreikuspen hori ikusita, Bilboko Udalak jakinarazi du 20:00etan hasi eta gau osoan, asteleheneko 04:00etara bitartean, gutxi gorabehera, 100 kilometro orduko abiadura gaindituko duten hegoaldeko haize bolada gogorrak egon daitezkeela. Eta hori dela eta, Emergentzia Mahaia osatu dute 18:00etan, egoerari jarraipena egin eta behar diren neurriak hartzeko.

Bilboko Udaleko Segurtasun Sailak honako prebentzio neurri hauek hartzea gomendatzen die hiritarrei:

1. Ate-leihoak ixtea eta haizeak eroan eta istripuak eragin ditzaketen tresnak kentzea kanpoaldetik (lorontziak, arropak esekitokietatik eta abar).

2. Kontu handia jartzea kalean jarritako behin-behineko aldamioen azpitik ibiltzean.

3. Errepidean ibiltzea saihestu. Autoa erabili behar izanez gero, kontu handia eduki leku zabaletatik eta zubietatik igarotzean.

4. Merkataritzako lokalek kalean ondo tinkatu barik dituzten olanak, mahaitxoak eta antzekoak kentzea.

5. Aldamio, obretako hesi eta behin-behineko instalazioen arduradunek behar diren segurtasun-neurriak hartuko dituzte instalazio horietan.

6. Erlaitz, horma, zuhaitz eta publizitate paneletatik urrundu eta kontuz ibili eraikitze bidean edo egoera kaxkarrean dauden eraikinen aldamenean.

Oro har, norabait joatekotan, eguraldiaren iragarpen hau aintzat hartzeko eskatzen dizuegu, haize-bolada indartsu horiek eragin dezakeen arriskutik babesteko (zuhaitzak jaustea, haizeak eroandako tresnak), eta arreta berezia jartzeko autoa hartu behar izanez gero.

Hauek dira larrialdietarako telefonoak:

112 – SOS DEIAK 092 - UDALTZAINGOA

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo berriak Denboraleak albisteak Albisteak Gaur Albisteak