Gizartea -
Istiluak
Ostegunean atxilotutako Zeniteko bost jarraitzaileetatik bi espetxeratu dituzte
Beste hiru atxilotuak aske utzi ditu epaileak, Segurtasun Sailak jakinarazi duenaren arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Joan den ostegunean Donostian atxilotutako Zenit San Petersburgo taldeko bost zaleetatik bi espetxera bidali ditu epaileak. Agintarien aurkako atentatua eta desordena publikoak egin izana leporatu die, Realeko hainbat jarraitzailerekin istiluak izan ostean. Epailearen aurrean hitz egin ondoren kartzelaratu zituzten, larunbat gauean. Beste hiru atxilotuak aske geratu dira, Segurtasun Sailak Europa Press agentziari jakinarazi dionez.
Liskarrak joan den ostegun gauean gertatu ziren Amarako auzoan, Isabel II eta Carlos I kaleen artean. Talde errusiarreko eta Realeko jarraitzaileak borrokan ari zirela ohartarazten zuten deiak jaso zituzten larrialdi-zerbitzuek.
Ertzaintzak bost zale errusiar atxilotu zituen, eta istiluen ondorioz, hiru pertsona zauritu ziren.
Atxilotuek larunbat gauean deklaratu zuten epailearen aurrean, eta fidantza ordainduta saihesteko moduko espetxe-zigorra ezarri die bi atxiloturi; beste hirurak, berriz, aske geratu dira.