Gizartea -

Ikerketa lana

Emakunderen ikerketa batek prentsa digitaleko iruzkin matxistak utzi ditu agerian

Hiru ikerlarik sareko hainbat hedabidetako parte hartze foroak aztertu eta matxismoaren adibide ugari atzeman dituzte. Besteak beste, biktimaren sinesgarritasuna jartzen da zalantzan.

Landaida, ikerketaren hiru egileetako birekin. Argazkia: Irekia
Izaskun Landaida, Patricia Amigot eta Rut Iturbide. Irekia
Landaida, ikerketaren hiru egileetako birekin. Argazkia: Irekia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakundek emandako beka baten laguntzarekin, prentsa digitalaren parte hartze foroetan egindako iruzkin anonimoak genero ikuspegitik aztertu dituzte Rut Iturbide, Patricia Amigot eta Maria Isabel Menendez ikerlariek. Azterketak agerian utzi du askori darien matxismo maila handia. Izan ere, iruzkinotan zalantzan jartzen dute indarkeria matxista, pobreziaren feminizazioa edota emakumeek lan arloan pairatzen duten diskriminazioa.

Ikerketaren emaitzak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta egileetako bik (Rut Iturbide eta Patricia Amigot). "Emakumeen notizien inguruko neomatxismoa. Publikoaren parte hartzea EAEko foro mediatikoetan" izena jarri diote lanari.

Landaidak azaldu duenez, El Correo, Noticias de Alava, Gara, Naiz eta Berria egunkari digitalen parte hartze foroetan egindako iruzkinak (2016ko abuztutik 2017ko martxora arte) izan dituzte aztergai.

Biktimaren sinesgarritasuna, zalantzan

Emakunderen zuzendariaren hitzetan, ikerketak argi erakutsi du emakume eta gizonen berdintasun eza zalantzan jartzen duten iruzkin matxista asko agertzen direla foro batzuetako irakurleen iruzkinetan. Zalantzan jartzen da berdintasunik eza, baita hura gainditzeko egiten diren ekintza guztiak ere, eta batzuetan gizonak biktima balira bezala agertzen dira. Horrekin batera, dudan jartzen dira mugimendu feministak eta erakundeek berdintasunaren alde egiten dituzten ekintzak.

Bereziki jartzen dira zalantzan berdintasunarekin zerikusia duten honako gai hauek: genero indarkeria, pobreziaren feminizazioa eta emakumeen lan diskriminazioa.

Indarkeria matxistaren kasuan, gainera, biktimaren sinesgarritasuna kolokan jartzen da. Emakumeen testigantzak askotan agertzen dira susmagarri bezala, edo gizonei min emateko asmatutako zerbait bezala.

Sanferminetako talde bortxaketaren albisteetan topatutako iruzkinak jarri dituzte adibide gisa. Izan ere, albistea kaleratu berritan, asko izan ziren biktimaren testigantza zalantzan jarri zuten iruzkinak.

"Iruzkin mota horiek biktima diren emakumeengan duten eragina hausnartu behar dugu. Horrelakoekin ez diegu salaketa jartzeko laguntzen, euren testigantza zalantzan jarriko duten beldur izango baitira", esan du Landaidak.

Patricia Amigot ikerlariaren ustez, baliteke mota horretako iruzkinak txarto ikusita egotea, baina gure gizartean ondo errotuta daude, eta mito, diskurtso eta gezur matxisten pizgarri izan daitezke.

Rut Iturbide ikerketaren egileetako batek nabarmendu duenez, "trollak" izan daitezkeen erabiltzaile ugari atzeman dituzte iruzkinetan.

Hedabideen arteko ezberdintasunak

Egunkari digital ezberdinen foroen arteak diferentziak topatu dituzte ikerlariek. Hala, El Correo eta Noticias de Alava egunkarien foroetan erreakzio matxista ugari sortu dituzte genero indarkeriari buruzko albisteek, eta Gara, Naiz eta Berria egunkarietan, aldiz, ez hainbeste, salbuespenak salbuespen. Halere, horietan guztietan zabaldutako iruzkinetako batzuek zalantzan jartzen dute lan diskriminazioa eta soldata arraila dagoenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian EAE albisteak Emakunde berriak Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa Matxismoa