Gizartea -
Lan eskaintza publikoa
EHUk 194 lanpostuko lan deialdi publikoa egingo du
161 plaza irakasle eta ikertzaileentzat izango dira eta 33 administrazioko langileentzat.
Agentziak | Erredakzioa
EHUko Gobernu Kontseiluak bi lan deialdi publiko egingo dituela iragarri du.
Lehendabizikoan irakasleei eta ikertzaileei zuzendutako 161 lanpostu eskainiko ditu. Bigarren deialdia administrazioko eta zerbitzuetako beharginentzako izango da eta 33 lanpostu eskainiko dituzte.
Plazen % 78 aldi baterako irakasleak finko bilakatzeko baliatuko dituzte eta % 70etik gorako lanpostuetan elebiduna izatea ezinbestekoa izango da.
Bestalde, eta Espainiako Estatuko Aurrekontu Legeak lanpostuak egonkortzeko plaza gehiago eskaintzeko aukera ematen duenez, EHUk beste 39 plazako deialdia egingo du.
Era berean, barne promoziorako beste deialdi bat egingo du 20 lanposturekin, irakasleek katedratiko bilakatzeko aukera izan dezaten.
Kontseilua bilduta zegoen bitartean, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du irakasleen arteko “diskriminazioa” salatuz eta EHUri bosturtekoak ordain ditzala exijituz.